«Inauteriek bertze xarma bat dute, herrikoiagoak dira»

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 7a, 08:55

Idoia Etxeberria aranztarra, inauterietan mozorrotua.

Idoia ETXEBERRIA MAKIRRIAIN  |  Arantzako inauterizalea

Familian eta lagunekin ospatzen ditu inauteriak, ttikitatik gustuko dituen ospakizunak.

 

Ttiki-ttikitatik maite ditu Idoiak herriko inau­teriak. Etxetik datorkio zaletasuna. Halaxe onartu digu, euren etxean belaunal­diz-belaunaldi pasatu den zerbait­ izan de­la, «atautxik amari, eta amak niri». Izan ere, «gure atautxi zena, amaren atta, Mo­zo­rro­ Zuri atera­tzen zen. Argazkiak ere ba­di­tugu­ lehenagoko Mozorroen arropekin jauntzita. Baserrietan­ ibiltzen ziren, eta amak nola ibiltzen ziren kontatzen zigun. Amak ere gustukoak ditu inauteriak».

Ez ditu atzenduak haurra zela Mozorro Zu­riak bere etxera hamaiketakoa egitera joaten­ zireneko momentuak. Mozo­rro Zu­riek bihurri fama badute, eta Idoiak ere go­­goan ditu neskatoa zela etxean ikusita­koak: «noizbait, gu enteratu gabe, zinta is­­lan­tearekin bildu ziguten etxeko telefo­noa. Gero, telefonoa jo eta jo hasi zen, eta guk ezin hartu». Attak garajean edukitzen zuen vespa moto­rra hartu eta bueltaka ibiltzen zirela ere aipatu digu. «Eta gu kontent», dio irriz.

Gaztaroan, «besta ederrak» eginez pasatu zituen inauteriak. Emakumeen Afarira «tarteka»­ joa­ten zela adierazi digu. Eta oraingo gaztetxoek halakorik ezagutu ez badu­te­ ere, le­hen­ inauterietako ortziraletan buzoa­ren eguna izaten zela oroitarazi digu: «denak­ Lamina­zioneseko buzoekin ateratzen­ ginen». Larunbata «egun haundiena» izaten omen zen: «denak mozorrotzen ginen», eta igan­dean bazkaria. Gaztetxoa zela, neska­ batzuek Mozorro Zuri ateratzeko saiakera­ ere egin omen zuten, baina bere ho­rretan gelditu zen. Aurten, ordea, lehenbiziko aldiz emakumezkoak ere aterako di­ra Mozo­rro, eta berria pozik hartu du: «gauza eta tradizio guztiak­ ebo­luzionatzen doaz».

Guraso denetik, berriz, egunez familiarekin eta gauez lagunekin mozorrotuz ospatzen ditu­ inau­teriak. Gustuko baitu mozorrotzea: «gure identitatea gorde­tzen dugu, ez gaituzte ezagutzen, eta bertze itxura bat hartzen dugu. Gainera, negua da, eta neguan ez gara hainbertze ateratzen...». Are gehiago, herriko bestak baino nahiago ditu: «gehiago gozatu izan dut inauterietan. Bertze xarma­ bat dute eta herri­koiagoak dira». Zerbait aldatzekotan, haurrak mozorrotzen diren larunbat arratsal­deko tartea eginen omen luke, «indartu egin beharko litzatekeela» uste baitu. 

 

Gorriz markatutako eguna

Hutsik egin gabe mozorrotzen da inauterietan. Eta mozorroren bat aukeratzeko eskatuta, garbi du zein: «joaldunez jauntzi ginenean pasatu genuen hobekien. Ardi-larruarekin, joareekin... Herri guztian barna pulunpa soinuan ibili ginen». Irriz gainera­tu­ digu: «ostatuetan sartzen ginenean, jendea ingurutik joaten zen, ardi-larru ­usainagatik. Baina guk primeran pasatu genuen». Aurtengo mozorroa prestatzen ere hasiak omen dira, nahiz eta ez digun aitortu zein izanen den. Jakin-nahi horrekin utzi gaitu, baina aurpegi estaliarekin ala ez, bada­ki­gu ez dela etxean geldituko, berak eta bere lagun kuadrillak «larunbata guretzat erre­ser­ba­tua dugulako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun