«Gero eta gehiago aditzen dugu, bertako produktuak eta ahal bada ekologikoak, kontsumitzeak duen garrantzia, bai gu guztion osasunerako, bai bertako ekonomiarendako eta baita gure ingurunea babesteko ere», dio Udalaren oharrak. Bide horretan, Baztan-Bidasoa eskualdeko ekoizleen merkatua antolatzeko asmoa du Berako Udaleko Garapen Batzordeak. Honetarako, «ekoizleak animatu nahi genituzke Berako Udalarekin harremanetan jartzera, jakiteko zenbat ekoizle eta zein produkturekin prest egonen liratekeen merkatu honetan beraien produktuak eskeintzera».
Hasiera batean hilabetean behin, larunbat goizez, eginen litzateke merkatu hau, baina bai datak eta gainerakoak zehazteko parte hartuko luketeen ekoizleekin bildu nahiko luke Berako Udalak.
Interesatuak Berako Udalarekin harremanetan jarri daitezela eskatu dute, otsaila baino lehen ahal bada, bera@bera.eus emailera idatziz merkatua aipatuz edo 948 012 012 telefonora deituz.