Ekitaldiak larunbat goizeko 10:00etan abiatuko dira, Gure Txokoako talde ttikienen partidekin. 11:30ean eginen dute inaugurazio ofiziala eta Ane Bergarari omenaldia ere eskainiko zaio eta bukatzeko, 18 urtez beheitiko Nafarroako eta Gipuzkoako futbol selekzioen arteko partida jokatuko dute.
Inaugurazio ekitaldian izanen dira Rubén Goñi, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuko zuzendaria, Gipuzkoa eta Nafarroako Futbol Federazioetako presidente diren Juan Luis Larrea eta Rafael del Amo eta bertze zenbait agintari.
Matzada futbol zelaiari belar artifiziala jarri eta urritik erabiltzen ari dira, baina inaugurazio ofiziala egiteko itxidurak eta harmailak bukatu arte egon dira. Hamarkada bat baino gehiago daramate futbol zelai berria eskatuz Beran eta azkenean, baldintza egokiak dituen bat lortu dute, Gure Txokoak eta Udalak obra egin ahal izateko formula ezberdinak bilatu ondotik.
Azkenean, 2016 urte hasieran Nafarroako eta Gipuzkoako Futbol Fedaerazioak Gure Txokoari 120.000 euroko laguntza ematea adostu zuten, erdibana. Gure Txokoak eta Berako Udalak ere hitzarmena sinatu zuten eta Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Gure Txokoak lortutako aportazio guztiak kirol babesletza moduan kontuan hartzea eta honela, proiektua gauzatu ahal izateko 30 enpresen laguntza lortu du Gure Txokoak.
Hasiera batean, belar naturalaren ordez artifiziala jartzeko asmoa zegoen. Lan hori egin da, baina bai udalak, baita klubak ere, egoki ikusi dute bertze zenbait lan egitea, hala nola harmailak jartzea eta ingurua egokitzea.
Inauguraziorako, emakumeen futbolari babesa eman nahi izan diote erakunde guztiek eta horregatik omenduko dute Ane Bergara. Gure Txokoako harrobitik atera eta Lagunak (2002-2005), Espanyol (2005-2011), Real Sociedad (2011-2015) eta FC Barcelona (2015-…) taldeetan aritu da Ane Bergara. Tarte horretan, 19 urtez beheitiko Europako txapeldun izan da 2004an, 2005-06 denboraldiko liga eta kopa irabazi zuen Espanyolekin, baina 2008-09 eta 2009-10 denboraldietako kopak talde berarekin.