Dominen borrokatik kanpo gelditu da Beti Gazte Euskal Herriko sokatira txapelketako lehen finalean

Ttipi-Ttapa 2017ko urtarrilaren 17a

Pisurik astunenean ez du podiumera igotzerik lortu Beti Gaztek.

Bosgarren izan da pisurik astunenean, 680kiloko kategorian

Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketa urtarrilaren 14an abiatu da Ibarran (Gipuzkoa). Gizasemeen 680 kiloko kategorian saio bakarra egin zuten larunbatean eta Lesakako Beti Gazte izan zen eskualdeko eta Nafarroako ordezkari bakarra. Lesakarrek ezin izan zuten podiumera igo eta bosgarren izan zen pisurik astuneneko sailkapen nagusian.

Bizkaiako Murueta sokatira taldea suertatu zen txapeldun eta Bizkaiako Sokarrik (bigarren) eta Lapurdiko Zuraidek osatu zuten podiuma. Ibarra (Gipuzkoa) izan zen laugarren, Lesakako Beti Gazte bosgarren, Ñapurrak (Lapurdi) seigarren, Abadiño (Bizkaia) zazpigarren, Gabadi (Lapurdi) zortzigarren, Mutriku (Gipuzkoa) bederatzigarren eta Asturiasko 6 Conceyos hamargarren.

 

640 kiloko lehen jardunaldia urtarrilaren 21ean Mungian (Bizkaia)

680 kilokoaren ondotik, gizasemeen 640 kilo eta emakumeen seinakako 405 kiloko txapelketen txanda izanen da. Gizonezkoetan 13 talde lehiatuko dira (tartean Beti Gazte, Nafarroako talde bakarra) eta emakumezkoetan 3 (Ibarra, Gaztedi eta Txantrea). Hiru jardunaldi jokatuko dituzte: urtarrilaren 21ean Mungian (Bizkaia), urtarrilaren 28an Idiazabalen (Gipuzkoa) eta otsailaren 4an azken saioa Erandion (Bizkaia).

Segidan, gizonezkoen 600 kiloko eta emakumezkoen 375 kiloko txapelketa etorriko da. Gizonezkoetan 10-11 talde ariko dira eta Beti Gazte ez ezik, Txantreak ere beteko du Nafarroako ordezkaritza. Emakumezkoetan 5 talde ariko dira (Ibarra, Gaztedi, Txantrea, Berriozar eta Goiherri). Gizonezkoen lehen saioa otsailaren 11n eginen dute Bizkaian, bigarrena otsailaren 25ean zehazteko dagoen lekuan eta azken jardunaldia martxoaren 4an Lesakan.

Segidan, gizonezkoen 560 kiloko txapela saio bakarrean erabakiko da martxoaren 11n Laukizen (Bizkaia). Beti Gazte izanen da hemen ere eskualdeko ordezkari bakarra.

Martxoaren 18an, azkenik, 600 kiloko txapelketa mistoa jokatuko dute Bakion (Bizkaia) eta hemen ez da eskualdeko ordezkaririk izanen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun