Lesakarrekin batera Bizkaiko Abadiño, Murueta eta Sokarri, Gipuzkoako Ibarra eta Mutriku, Lapurdiko Gabadi, Ñapurrak eta Zuraide eta Asturiasko 6 Conceyos ariko dira lanean, bi multzitan banatuak. Murueta eta Abadiño izanen dira multzo buruak eta gainontzeko taldeak bi multzoetan banatuko dira, txapelketaren egun berean, zozketa bidez. Denak denen aurkako ligaxkaren ondotik, multzo bakoitzeko bi lehenbizikoak gurutzatuko dira finalerdietan eta bertze postuak ere horrela erabakiko dira.
Bertze hiru kategoritan ere lehiatuko da Beti Gazte
680 kilokoaren ondotik, gizasemeen 640 kilo eta emakumeen 405 kiloko txapelketen txanda izanen da. Gizonezkoetan 13 talde lehiatuko dira (tartean Beti Gazte, Nafarroako talde bakarra) eta emakumezkoetan 3 (Ibarra, Gaztedi eta Txantrea). Hiru jardunaldi jokatuko dituzte: urtarrilaren 21ean Mungian (Bizkaia), urtarrilaren 28an Idiazabalen (Gipuzkoa) eta otsailaren 4an azken saioa Erandion (Bizkaia).
Segidan, gizonezkoen 600 kiloko eta emakumezkoen 375 kiloko txapelketa etorriko da. Gizonezkoetan 10-11 talde ariko dira eta Beti Gazte ez ezik, Txantreak ere beteko du Nafarroako ordezkaritza. Emakumezkoetan 5 talde ariko dira (Ibarra, Gaztedi, Txantrea, Berriozar eta Goiherri). Gizonezkoen lehen saioa otsailaren 11n eginen dute Bizkaian, bigarrena otsailaren 25ean zehazteko dagoen lekuan eta azken jardunaldia martxoaren 4an Lesakan.
Segidan, gizonezkoen 560 kiloko txapela saio bakarrean erabakiko da martxoaren 11n Laukizen (Bizkaia). Beti Gazte izanen da hemen ere eskualdeko ordezkari bakarra.
Martxoaren 18an, azkenik, 600 kiloko txapelketa mistoa jokatuko dute Bakion (Bizkaia) eta hemen ez da eskualdeko ordezkaririk izanen.