Larun Mendi Taldeak eta Manttale Mendi Lasterketa taldeak prestatutako egitaraua larunbat goizeko 10etan hasiko da Toki Ona kiroldegian, haurrentzako eta gazteentzako zuzenduta dagoen eskalada tailer batekin.
14:15ean Rikardo Baroja Eskolako aterpetan, Santa Barbarako mendi irteeran eta binakako kronoeskaladan parte hartzeko izen emateak irekiko dira. Bai kronoeskalada baita txangoa ere kiroldegiko ataritik abiatuko dira, Santa Barbarako gainetik pasa eta abiapuntura iritsiko dira 5 kilometro eta erdiko ibilbidea burutuz.
Ibilaldia 15:00etan hasiko da eta kronoigoera 15:30ean. 15:00etan 12 urte artekoentzat lasterketa ere eginen da.
Kronoigoera, partaide guztientzat irekita dago, baina 16 urte baino gutxiago daukatenek heldu batekin egin beharko dute ibilbidea nahitaez. Ibilaldia eta kronoigoera bukatzerakoan Rikardo Baroja eskolan berendua izanen da. Eta honen ondoren sarien zozketa eginen da partaide guztien artean.
Dokumentala eta herri afaria
18:30ean Kultur Etxean, Pablo Dendaluzek zuzendu eta Josu Iztueta eta Antton Arza protagonista dituen Biziminez dokumentalaren proiekzioa eginen da. Sarreran biltzen den dirua Bortzirietako Guztiok elkartearentzat izanen dira.
Aurtengo berrikuntza nagusia, 20:30ean Altzateko frontoian antolatu den afari herrikoia izanen da. Musika eta opariak ere izanen dira afal ondoan. Afarirako txartelak Errekalde, Xuga, Pikabea harategia, Agara Prentsa eta Lesakako Arrano ostatuan salgai daude, 10 eurotan.
Biharamunean ere segida izanen du Mendiaren Egunak. Urtarrilaren 15ean, igande goizeko 9etan mendi irteera eta kedada Trail egin baitute: Agerra-Ibardin (pintxopote)-Agerra.