Eguberrietako kontzertua eskainiko du Azken Trena taldeak abenduaren 30ean Beran

Ttipi-Ttapa 2016ko abenduaren 28a

Azken Trena taldeak urteko azken emanaldia eskainiko du Berako Kultur Etxean.

Ortziralean 22:00etatik aitzinera Kultur Etxean Estitxu Pinatxo abeslaria izanen dute gonbidatu

Azken Trena musika taldeak Eguberrietako kontzertu berezia eskainiko du abenduaren 30ean, ortzirale arratseko 10etatik aitzinera Berako Kultur Etxean. Sarrerak 5 eurotan salgai daude aurrez Berako Xuga eta Errekalde ostatuetan eta Berako Haizegoan. Kontzertu honetan bandak bere kantu eta soinu berriak aurkeztuko ditu, epe laburrera diska batean islatuko direnak. Kontzertuan Estitxu Pinatxo Olaziregi abeslaria izanen dute artista gonbidatu.

 

Azken trena Taldea

Azken Trena Beran sortutako rock alternatibo talde gaztea da. Hala ere, bertze hainbat estilo erabilita Azken Trenaren soinua oso landua izatea dakar, kantu guztiei izaera berezi eta propio bat emanez. Eszenatokia Jokin Pinatxo-k (ahotsa eta gitarra), Jon Macicior-rek (gitarrak), Manex Ormazabal-ek (baxua) eta Mattin Arbelaitz-ek (bateria) betetzen dute; aldiz, akustikoan lan egiterako orduan perkusioan Carlos Goikoetxea izan ohi da.

Hainbat taberna, eszenatoki, areto eta lekutan jo ondotik, 2015eko ekainean taldeak bere lehen proiektua jarri zuen abian, hortik gerora Errailik Gabe izeneko disko akustikoa izanen zena. Orain, 2017ari begira, disko berri baten proiektua dute eskuartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun