Bata nahiz bertzea ilusioz gainezka ageri dira bere lehen kontratu profesionala sinatu ondotik. Errandonearenzat profesionaletan hastea «urrats handia da, baina behin horrat ailegatuta, oraindik gehiago hobetu behar dugu». Martinez ere iritzi beretsukoa da, «eman diguten aukera aprobetxatu beharra daukagu eta kategoria berrira lehenbailehen egokitu, urrats ttikiak ematen hasteko».
Azken partida garrantztsuak afizionatutan
Bi pilotariak Bankoz-DV afizionatu mailako txapelketan ari dira orain. Martinezek joan den larunbatean lortu zuen finalerako txartela, Eneko Labakarekin bikote eginez. 22-12 irabazi zieten finalerdian Sancho eta Sarasari. Joan den urtean txapelketa hau irabazi zuen Martinezek Zubizarretarekin promesas kategorian eta orain senior mailan izanen du aukera.
Ander Errandoneak orain dauka finalean sartzeko aukera. Larunbbatean Elgetan jokatuko du bigarren finalerdia, Iruritarekin batera, Peru Labaka eta Arratibelen kontra.
Beraz, Berako bi pilotariak sailkatu daitezke abenduaren 23an Zumarragako finalera. Bat segurua eta bertzeak aukera duela kontuan harturik, egun horretarako autobusa antolatu dute Beran. Txartela 15 eurotan salgai dago Agara pentsa dendan eta abenduaren 19a, astelehen arratseko 8ak baino lehen eskuratu behar da.