Xabier Agotek, Albaola Elkarteko zuzendariak piztu du IrriSarri Landeko txondorra

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 12a, 11:47
Txondorra pizten aritu zen lan taldea.

Txondorra Eguberri guztietan izanen da piztuta eta 10.000 kilo ikatz lortzea espero dute

Xabier Agotek piztu du aurten Irrisarri Landeko txondorra Albaola Elkartearen izenean. Hirugarren urtez jarraian, parkeko langileek txondor bat egin dute inguruko hainbat ikazkinek lagunduta eta larunbat arratsean piztu zuten. Elkartearen lana hartu nahi izan da aintzat, itsasoko euskal ondarea sustatu eta bultzatzeagatik. Aspaldian ari dira San Joan baleontziaren erreplika bat egiten Pasaiako portuan.

Ekitaldian, Joxe Elgorriaga parkeko gerenteak ere esku hartu zuen. Omenaldia eta txondorra piztea, hain zuzen, Txondorraren Eguneko jarduera nagusiak izan ziren. Eguna erabat egon zen txondorrari eskainia, baina bertzelako ekitaldiak ere izan ziren: txondorren egituraren simulazio bat eraiki zuten, eta Ikaztegia. Ikatzaren Museoan bisita gidatu bat eskaini zuten, parkeko gune berri bat baita, eta era berean Zubietako joaldunak aritu ziren.

 

Irisarriko basoetako 16.000 kilo egur, gaztainondoa eta haritza, batez ere, erabili dituzte aurtengo txondorra egiteko, eta batez beste, 10.000 kilo ikatz ateratzeko asmoa dute arduradunek, ziurrenera Eguberrien bukaeran prest egonen dena. Ikatzaren zati bat parkeko jatetxeetako errelekuetan erabiltzen da, eta bertze zati bat, berriz, 3 kiloko poltsetan saltzen da. Ikatza salduz ateratzen den diru erdia Albaola Elkartearentzat eta Paris 365 Jantoki Sozialarentzat izanen da.

Datorren asteburuan, arratsaldez, Olentzero txondorrean egonen da, haurren gutunak jasotzeko.

IrriSarri Landeko lurretan eta inguruetan aspaldi errotu zen ikaztegiak eraiki eta  nork bere kontsumorako zein irabaziak lortzeko egur-ikatza ekoizteko ohitura. 500 urte baino gehiago dituen usadioa berreskuratzeko asmoz, baina baita ohitura ezagutzera eman eta lursailak garbitzeko ere, urtero txondor bat eraikitzea eta doako sarrera izango duten pizte ekitaldiak antolatzea erabaki zuen duela bi urte IrriSarri Landek. Gainera, euskal kultura tradizionalaren hedapenean lan egin duen pertsona bat omentzeko baliatu nahi dute saioa. Lehen omendua Iñaki Perurena izan zen 2014an, eta 2015ean, berriz, Xabier Euzkitze kazetaria.

Joan den urtean, halaber, Parkeak Ikaztegia. Ikatzaren Museoa izeneko gunea inauguratu zuen. Estali gabeko interpretazio zentroa da, eta tamaina errealean egindako eraikuntzek egur-ikatza sortzeko prozesuko fase guztiak islatzen dituzte. Gainera, ikazkinak bizi ziren etxola ere eraiki dute, eta haiek erabiltzen zituzten tresnak ikus daitezke.

Une honetatik aitzinera, IrriSarri Landeko boluntarioek zainduko dute txondorra, eta dena ongi bidean, urtarrilaren hasieran hasiko dira ikatza ateratzen.

IrriSarri Land Abentura Parkera joaten diren bisitariek txondor tradizional baten funtzionamendua eta mantenua nolakoa den ezagutu ahal izanen dute Eguberrietan. Horretarako, Ikaztegia. Ikatzaren Museoa gunetik igarotzen den Interpretazio Ibilbidea du parkeak, bertan txondorra egin baita. Era berean, tren txiki batek haur eta helduak ikatz museora eramanen ditu bisitariak, haur eta helduen gozamenerako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun