Horren adibide gordintzat, alkatetza hartu duenetik egin duenaren kronografia egin du Lesakako EHBilduk:
2015eko azaroa: Geroa Baik Lesakako euskara plana kendu zuen, eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik atera zuen herria.
2016ko ekaina: Lesakako Euskara Batzordeak txosten bat egin zuen Geroa Baik udalean emandako gibelera pausoei buruz. Bertze euskara plan bat egiteko eskatu zion udalari, eta Lesakako 28 elkartek babestu zuten eskaera hori. Ez zuten erantzunik jaso.
2016ko iraila: Lesakako euskaltegian lehenbiziko aldiz euskara debalde ikasteko aukera sortu zen. Alkateari proposatu zitzaion herritarrak informatzeko eta animatzeko bando bat ateratzea, baina ezetz erantzun zuen. Gainera, dudatan paratu zuen klaseak doan izanen zirenik.
2016ko urria: Lesakako Euskara Batzordeak alkateari eskatu zion lau hilabete eta erdi lehenago egindako eskariari erantzuteko. Erantzun hauxe eman zuen: elkarteen aktak eskatu zituen, eta eskaera sinatu zutenen izen-abizenak.
2016ko urria: Nafarroako Gobernuak euskararen plan estrategikoa aurkeztu zuen. Plenoan horren inguruan zuen iritzia galdetu zion Lesakako EH Bilduk alkateari. Nahiz eta gobernuko alderdi berekoa izan, erantzun zuen ez zuela plana jaso, eta ez zuela ezagutzen. Jakinarazi genion gobernuak hilabete bateko epea ematen ziola ekarpenak egiteko.
2016ko azaroa: Plenoan, Lesakako EH Bilduk berriz galdetu zion Geroa Baiko alkateari Nafarroako Gobernuaren plan estrategikoari buruz. Alkateak erantzun zuen Nafarroako Gobernuak plana indarrean paratu ondoren ikusiko dutela zer egin. Gobernuak egindako planak, bertzeak bertze, bultzatu nahi du euskara planak egitea eremu euskalduneko herrietan.
EHBilduren idatziak dioenez, «denbora horretan guzian, Lesaka euskara planik, eta, hortaz, hizkuntza politika propioa arautzen duen neurririk gabe egon denez, Geroa Baik maiz ez du ezta elebitasuna errespetatu, gaztelania hutsean egin baititu udal dokumentuak, herritarrekiko komunikazioa eta erantzunak, eta karrikako seinalizazioak. Jarrera horrek eta plan baten faltak Lesakan panorama beltza paratu dio gure herriko hizkuntzari, zoritxarrez. Udal batek eredugarri izan beharko luke bere hizkuntza zaindu eta indartzerako orduan, baina ez da hori Lesakako kasua».
Hala ere, EH Bilduk uste du lesakarren artean badagoela behar adinako grina eta kemena egoerari buelta emateko: «Garai gogorragoetan eta ilunagoetan lesakarrek lortu zuten haien hizkuntza indartzea, ikastola sortuta, D eredua ikastetxe publikora ekarrita, euskaltegia sortuta, eta taldetan edo bakarka bakotxak bere ahalegin ttikia eginda. Herritar horiek denek jakin behar dute Lesakako EH Bildu ondoan izanen dutela. Hasieran erran dugu Lesakan ospatzeko gutti dugula aurtengo Euskararen Egunean, baina dagokiguna aldarrikatzeko bederen, ospatu dezagun eguna. Lesakarrok gure hizkuntzan normal bizi nahi dugula aldarrikatzeko, trabarik gabe».