Suitzako arrazako behien kategorian lehenbiziko saria, 190 euro, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoa Etxebesterentzat izan ziren eta bigarrena eta hirugarrena, 160 eta 100 eurokoak, Lesakako Gillenbordako Francisco Javier Altzugarairentzat.
Haragitako behien kategorian, 190 euroko lehen saria eta 100 euroko hirugarrena ere, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zituen. 160 euroko bigarren saria Isabel Indarentzat izan en.
Azken urteetan bezala, ez zen esnetako behi holandesarik aurkeztu eta hutsean gelditu ziren sariak.
Zaldi aziendetan, 125 euroko lehen saria, Lesakako Joseba Irigoienenentzat, 95 euroko bigarren saria Isabel Indarentzat eta 50 euroko hirugarrena Mari Sol Etxeparerentzat. Maribel Indak 80 euroko saria jaso zuen bere montura behorrarengatik eta Francisca Otxoteko beratarrak 70 euro ponni onena plazaratzeagatik.
Aharietan, hiru buru aurkeztu zituzten. Lehen bi sariak (50 eta 30 euro) Gillenbordako Francisco Javier Altzugaraik aurkeztutakoarentzat izan ziren eta hirugarrena (20 euro) Avelina Maiarentzat.
Baina azienda feriaz gain, Lesakako karrikek salmenta postuez gainezka egin zuten. Eskulangileek Alondigako eta Herriko Etxeko arkupetan eta Beheko Plazan bildu ziren, San Fermin elkarteak antolatuta.
Elikadura postuak ere jarri ziren plazako aparkaleku inguruan eta bertze hamarka salerosketa postu ere jarri zituzten. Tartean, Tantirumairu ikastolako 5. eta 6. mailako ikasleek jarritako Tantirudendan bildutakoa, errefuxiatuentzat bideratuko dute ACNUR Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez
Azienda lehiaketako sariak banatu baino lehen, herri kirol saio mistoa eskaini zuten, emakume eta gizasemeak aizkoran, harrijasotzen… aritu baitziren. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak kantari aritu ziren kioskotik, presoen senide eta lagunek hauen eskubideen aldeko elkarretaratzea ixilean egiten zuten bitartean.
Ajoarriero lehiaketa
Lesakan egun handia ortzegunekoa izan bazen ere, asteazkenean ere izan ziren zenbait ekitaldi. Nagusiena, Beti Gazte elkarteak antolatzen duen ajoarriero lehiaketa. Guzira 12 bikote bildu ziren Beheko Plazan, nahiz eta eguraldi euritsu eta haizetsua izan eta ordubetez argia joan. Lehenbiziko saria, Irain Guraso Elkarteko Jabier Zubieta eta Iñigo Aranetak eskuratu zuten, bigarren saria Bortzirietako Gorriak taldeko Mertxe Etxepare eta Jaione Rodriguez Etxepare izeba-ilobek eta hirugarrena, Aransurdeko Imanol Lopez eta Jon Urrosolok. Epaimahaia Felisa Taberna, Kotte Iantzi, Estephan Renaud eta Julen Zubietak osatu zuten. Beheko Plaza ingurura bildutako jendeak ajoarrieroa dastatzeko aukera ere izan zuen. Musika ere izan zen eta trikitilari eta panderojoleek arkupeetako babesean jo zuten.