«Lehiaketa irabaztea urte guztiko lanaren saria da, aitzinerat segitzeko animoa»

Ttipi-Ttapa 2016ko azaroaren 23a

Joxean Igoa, iaz saritutako behi batekin, Lesakako ferietan.

Joxean IGOA I  Berako Begibeltzenea baserrikoa

Sei-zazpi urterekin hartu zuen lehenbiziko aretxea Joxeanek «oroitzen naiz osabaren behi suiza batek aretxea egin zuela eta 'hau niretzat, hau niretzat!' ­erran niola.  Niretako eman zidan aretxe hura». Aretxe harekin hasi eta buru dezente ditu dagoeneko, «nere ametsa aziendetatik bizia atera ahal izatea izanen zen, baina gure esplotazio ttiki hauekin ezinezkoa da».  

 

Horregatik, bertze hainbertzek bezalaxe abeltzaintza fabrikako lanarekin uztartu behar izaten du «nahiko zaila izaten da aunitzetan biak lotzea. Eguneroko lanak, eguraldi ona delarik belarrean aritu beharra... haur bat ere izan dugu eta mutikoarekin egoteko denbora ere behar izaten dut». Dena den, argi du «gustuko tokian aldaparik ez da izaten eta afizio handia dudalako erabaki dut segitzea».

 

Saritutako lana

Joxean eta bere aziendak famatuak ­dira inguruan, Lesakako ferietan egiten den Bortzirietako azienda lehiaketan urtero jaso izan dute eta sariren bat. Lehendabizikoz, 2009. urtean parte hartu­ zuen «aita, ama eta osabak, erraten­ zidaten: ‘Zuk aunitz erra­ten duzu hemen sukaldean eta egundaino ez duzu Lesakara behi bat eraman.  Lesakako ferien aitzineko egunean oroitzen naiz kristoren denbora txarra zela eta etxean ez nuen erran aurkeztu behar nuenik. Lagun bati erremolkea eskatu eta behi bat aurkeztu nuen».  Eta ezustekoa jaso «behi harekin lehenbiziko saria lortu nuen. Nere poza eta etxeko poza! Ikaragarria izan zen». Bakarrekin hasi, «ondoko urteetan lauzpabortz eraman eta gaur egun hogei bat buru eramaten ditut».

Lehiaketara aziendak aurkeztu aitzinetik «prestatu egin behar izaten dira eta jakin egin behar da behia sokatik ibiltzen ere, ez baita zakur bat». Horregatik, sei hilabeterekin hartu eta erakusten hasten zaie «sokatik hartu eta aunitzetan lurrera botatzen zaitu behiak edo hagitz bizia bada behia traktoreari lotu behar izaten da. Pixka bat ibiliz poliki-poliki jartzen dira. Tiraldi batzuekin oroitzen dira».

 

Urteroko hitzordua

Aurtengo Lesakako ferietarako ere prest ditu aziendak eta dagoeneko lehiaketan beteranoa den arren «egun batzuk lehenagotik urduritasun puntu bat» nabaritzen hasten omen da». Eguna iritsitakoan berriz, zerura begiratzea izaten da lehenbiziko pausoetakoa, eguraldiak asko baldintzatzen baitu feria eguna  «iaz euria egin zuen. Ea aurtengoan eguraldiak laguntzen duen. Hori da saririk handiena». Bistakoa baita, «euriarekin behiek ez dutela horrenbeste luzi­tzen eta  jende gu­txiago izaten dela».

 

Esker ona

Feria egunean aziendak aurkeztu eta sariak lortzea «urte guztian egindako lanaren ­sa­ria» dela dio «aitzine­ratz segitzeko ani­moa da, momentu ­txarrak ahazten dira». Etxe­koentzat ere hagitz berezia da «poz handia da, gurasoentzat eta osaba Estebanentzat. Beraiek dira urtean 365 egunean behien gainean egoten direnak. Baserrian bizi dira eta ordu guztiak han ematen dituzte. Ez baziren beraiek ez nuke izanen horrelako behirik. Meritu handiena beraiena da». Emazteari ere eskerrak eman nahi dizkio «dudan afizio hau ulertzeaga­tik». Horrekin batera, ingurukoen laguntza ere ezinbertzekoa dela azpima­rratu nahi izan du «makinaria baduzu baina laguntza behar da. Zorionez hemen laguntasun hori mantentzen da. Belarrean laguntzen didate familiakoek eta bizilagunek».

 

Etorkizuna

Abeltzantzaren egoeraz galdetuta, etor­kizuna beltz ikusten du «gaur egun base­rri­ aunitz ari dira hustutzen. Ez dakit hemen­dik urte batzuetara zer pasako den. Ho­rre­la segitzen badu, sasiak hartuko ditu baz­terrak». Egoerari irtenbidea emateko lehen­dabiziko lana «Nafarroako Gobernuak gauzak erraztea» dela uste du «ho­rren­bertze traba ez paratzea». Eta diru-laguntzak beharrezkoak diren arren, bere ustez, «hobeto geundeke aziendagatik egiaz balio duena pagatuko balitz». Bi­zitzeko adina ematen ez duenez, «afizio bezela jendearen artean zabaltzeko ahalegina egin behar da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun