Ia 140 dozena uso harrapatu dituzte sasoi honetan Etxalarko Usategietako sareetan

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 23a, 07:49
Hedatu aitzinetik, sareak konpondu ere egin behar izaten dira.

Historian lehen aldiz, Pirinio osoan sarez harrapatzen dituzten 9 usategietan gehien harrapatu dutenak izan dira

Joan den igandean, azaroaren 20an bukatu zen 2016ko Etxalarko sarezko uso harrapaketa tradizionalaren denboraldia. Azken urteetako hoberena izan da aurtengoa, izan ere 139 dozena + 8 uso harrapatu dute saretan eta kopuru hau ez zen 2007. urtetik emana. Iazko kopurua bikoiztu da aurten, 60 dozena bakarrik hartu baitziren. 

 

Hau gehienbat eguraldi egokiari esker izan da, urri guztian ipar haizea gailendu baita eta azaroan ere, aste bat ez bertze guztiak egun onak izan dira sarezko ehizarentzako. Egunik onena, urriaren 21a izan zen, 23 dozena harrapatu baitziren eta ondotik urriaren 29a, 16 dozenarekin eta urriaren 19a, 14 dozenarekin.

100 dozenara iristean altxaferoa botatzea ere ohitura da, eta aspaldiko partez, aurten, urriaren 29an bota zen. Honek, urte ona dela adierazten du eta 2008. urtean bota zen azkenekoz. Usazaleen poza, azaroaren 19an ospatu zen sasoi bukaerako bazkarian ere nabaritu zen eta bertan Gerardo Danborienari omenaldi ttiki bat egin zitzaion, 50 urte bait daramatza tradizio honetan lanean.

Bisita gidatuei dagokienez, aurten 200 lagun inguruk ezagutu dute barrenetik ehundaka urteko tradizio hau eta hauetako batzuek, usoak eta beraiekin egiten den lana bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Bisitari gehienak Euskadi eta Nafarroatik etorri dira, baina Huesca eta Madriletik ere etorri dira.

 

Zozketak

12 uso bizien zozketa, pasa den azaroaren 11an egin zen, gastronomia lehiaketa egunean eta zenbaki irabazlea 2227-a izan zen, bigarren sariaren zenbakia (Bi lagunentzako afaria Elutsan), 1770-a eta eta hirugarrena (usategietako produktu lotea), 1183 zenbakia. Lehenengo eta hirugarren sariak badute irabazlea, baina bigarren zenbakia irailako Lizaietako bestan saldua da eta oraindik ez da agertu, beraz, zenbaki hau duenak, 690 26 77 56ra deitu behar du, saria eskuratu ahal izateko, hiru hilabete baino lehen.

 

Pirinioetako rankingean lehenbizikoak lehen aldiz

Aurten gainera, historian lehenengo aldiz, Pirineoetako 9 sarezko usategien harrapaketen “ranking”-ean, Etxalarko Usategiek lehenengo postua lortu dute, 1.676 usoreki. Hau da, denetan uso gehien harrapatu duen usategia izan da eta boneta edo txapel handia eramanen dute. Bigarren postua Napal-entzat izan da 1.581 usorekin, hirugarrena Lanne, 1.019rekin, laugarrena Oskix, 789rekin, bostgarrena Lantabat 579-ekin, Lecunberry 572rekin, Aldude 352rekin, Sara 293rekin eta boneta ttikia Behorlegui-rentzat, 26 usorekin. Datorren abenduaren 3an, Pirineoetako sareetako usazale guztien urteroko bazkaria ospatuko da, non 300 lagun baino gehiago biltzen diren. Aurten, Lantabaten txanda da eta bertan ez dira Etxalarko Usazaleak faltako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun