Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekitaldi Bortzirietan ere

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 22a, 12:13

Autodefentsa ikastaroa, filmak, antzerkia, solasaldiak eta elkarretaratzean eginen dira

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako  Indarkeriaren kontrako Nazioarteko eguna dela eta, zenbait ekitaldi antolatu dira Bortzirietan ere, Oinarrizko Jendarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Berako Goldatz emakume feministaren eskutik.

 

Azaroaren 22an eta 29an autodefentsa ikastaroa antolatu dute Toki Ona institutuan, DBHko laugarren mailako nerabeei zuzendua. Azaroaren 23an, asteazkenean 18:00etan filma eskainiko dute Etxalarko Kultur Etxean.

 

Azaroaren 25ekoak

Halere, ekitaldi gehienak, azaroaren 25ean, ortziralean eginen dituzte.

Berako Toki Ona institutuan elkarretaratzea eginen dute Toki Ona Institutuan 10:30etik 11:00 bitarte. Bertan, Machote kontuz ibili dantzatuko dute. Arratsaldeko 5:30ean Sare sozialak, nerabeak, amodioa, kontrola… gurasook zer jakin behar dugu? hitzaldia izanen da Beralandetan eta 19:00etan elkarretaratzea Mukixu Zubian, Goldatz talde feministak antolatua.

Arantzan, goizeko 11etan elkarretaratzea eginen dute plazan. Eta arratsaldean, 19:30ean, Esther Carrizo Berako Uhartean eskolako clown antzezlearen eskutik, Susanaren Iraultza izeneko ikuskizuna izanen da, eskolako gimnasioan. Emakume eta gizonen artean dagoen desoreka aztertuta, Susana pailazoak bere bizipenak gurekin partekatuko ditu ekintza, emozio, kantu… eta halako adierazpenen bitartez.

Igantzin, filma eta solasaldia eskainiko dute ortziralean 19:30ean Udaletxean, IPESeko Yolanda Yañez psikologoarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun