'El cielo ahora' dantza emanaldia ikusgai azaroaren 20an Beran

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 17a, 15:11

Berako Kultur Etxean 19:00etan hasiko da emanaldia.

Kultur Etxean 19:00etatik aurrera

Olatz De Andresek sortutako koreografiak taularatuko dituzte lau dantzarik, tartean De Andresek berak, ordubeteko iraupena izanen duen emanaldian. Pertseoren mitoa eta bertze batzuk gaur egun duten oihartzuna bilatzeko zinematografiako, pinturako nahiz eskulturako baliabideak moldatzen dituzte koreografien bitartez. Sarrerak sei eurotan eskura litezke.

Sinopsia

Historiaren metatze etengabeak iraganak anekdota mailan garrantzia izatea dakar eta interes guztia orainean paratzea. Baina oraina sotila eta hauskorra da. Denok kontatu diogu geure buruari geure istorioa, hobeki ulertu ahal izateko. Baina zeruak, gu baino gehiago bizi denak, harriturik behatzen dio gure erreferentzien saturazioari. Eta barre egiten du; izan ere, nolabait, hau baita pertsonen istorio tragikoa.

Pieza honek Pertseoren mitoa ikertzen du, egun zenbateraino dagoen indarrean ikusteko. Mitoa, zerbait kontatzeko informazioa antolatzen duen sistema moduan ulertuta. Mito hau eta bertze batzuk abiaburu hartuta, egun duten oihartzuna edo garrantzia bilatzen da. Koreografien mailan, abiatzen da bai errepresentazio klasikoetatik (gertaera mitikoak kontatzen dituzten eskulturak eta margolanak) eta análogo garaikideetatik, bai eta gedliunearen eta mugimenduaren arteko erlaziotik ere.

Olatz de Andres

Bilbon kokatutako koreografoa da, eta bere lanek koreografikoa bertze diziplina batzuetara gerturatzen dute, zinematografikotik piktoriko eta eskultorikora. Hala egin du hainbat proiektutan, hala nola Yo soy una cosa que dura, DA CAPO eta Privolva proiektuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun