Familia osoarentzako musika-ikuskizuna, clown, objektuen antzerki eta ikusizko poesia ukituekin.
Gaueko piztiak, Alexandre Bonanit Jaunaren astronomia irakaskuntzak, eta berekin batean gau ona igarotzeko hortzak, tresnak eta tramankuluak daramatzan sagu ttikiaren ibiliak dituzte solasgai ikuskizun honetako abestiek.
Ametsak, mesanotxeak, asmakizunak, argitxoak, teleskopioaren bidez ikusitakoak, zapatilak, baso bat ur eta fanfarre errumaniarra baliatuko dira entziklopedia honen berri emateko.
2princesesbarbudes bikoteak jostailu-tresnekin lan egiten du, apo bizargabea lagun. Oraingo honetan, baina, hotsak areagotu eta musika konponketa batzuekin eta gure garaiko, aspaldiko, tropiko aldeko nahiz ekialdeko erritmoekin, aberastu dute ikuskizuna.
Gaueko entziklopedia koxkorra Helena Casasek ilustratutako diska-liburu bat ere bada, taldeak berak egindako letrekin, Xabi Grimau olerkari kataluniarrak (Gaua marrazki bat da) eta Maialen Lujanbio bertsolariak (Ondo lo egin) idatzitakoak izan ezik.