Esklerosi anizkoitza du Ibonek, zer moduz dago?
Ibon Lannemezango espetxean dago, Frantzian, eta espetxean egonik gaixotu zen esklerosi anizkoitzarekin. Gaixotasuna espetxeko baldintzatan jasan behar izateak, dagoeneko atzeraezinak diren ondorioak ekarri dizkio, eta errate baterako, gorputzaren ezkerralde guztian oinazea izan eta ikutuaren sentsazioa alteratua dauka. Zoritxarrez, ez dira, ordea, sintoma bakarrak: neke fisiko handia izaten du, akugenoak izaten ditu, gorputzeko dardarra… Beraz, egunerokoan ahal bezala kudeatzen du hori, kontutan izanik espetxean ez direla ematen horrelako gaixotasun bat artatzeko baldintza minimoak.
Zein da Ibonen egoera?
Esklerosi anizkoitza gaixotasun kroniko eta neurodegeneratiboa da, eta kanpoan edonorentzat esklerosi anizkoitza izatea arazo larria bada, pentsa espetxean egonik zer suposa dezakeen. Horrek, artatze desegoki bat, bizi baldintza exkaxak, infekzioan maiz ematen diren gune batean egotea, berak bizi duen egoera larria eguneko ordu auniztan bakarrik eta giltzapetua eraman behar izatea, eta guzti hau bere hurkoengatik urrun bizi behar izatea ekartzen du bertze gauza batzuen artean. Laburtuz, espetxean egonik gaixotasunak dena alde du aunitzez ere azkarrago garatzeko.
Nolako bilakaera izan du gaixotasunak?
Bada iada kasik 6 urte Ibon gaixotu zela, eta noski, gaixotasunak bere bidea egin du. Lehen aipatu bezala, iada atzeraezinak diren ondorioak ekarri dizkio. Jasan dituen broteetan, bi bereziki bortitzak suertatu zitzaizkion, eta horren ondorioz, bi epealdi igaro ditu gurpildun aulkian. Hasiera batean, gainera, ez zuten atera froga medikuak egitera, eta gurpildun aulkian geratu zen zer zeukan edo zergatia jakin gabe ere. Azkenik, gaixotasuna hasi eta bi urtetara eman zioten diagnostiko definitiboa. Brote bakoitzaren ondoren, errekuperazio maila bat egoten da, baina geroz eta ttikiagoa dena. Brote horiek izateak beraz, ondorioak izaten ditu, Ibonen kasuan gertatu den bezala.
Eta animo aldetik, zer moduz dago?
Berak beti erran digu egoerari aurre eginen diola, baina noski, bai bera, bai gu, konturatzen gara egoeraren larriaz. Badakigu urte hauetan egoera hagitz zailak baldintza penagarrietan jasan behar izatea tokatu zaiola, eramateko hagitz zailak diren egoerak. Orain epaiketari begira, egunerokoan murgildua dagoela erraten digu, etorkizunera ez dela proiektatzen, eta erabakia jasotzen duenean, orduan kokatuko dela etortzen denearen aitzinean. Hau ulertzeko kontutan izan behar da badirela iada kasik lau urte gaixotasuna dela eta, zigorraren suspentsioa eskatu zuela.Denbora aunitz da, eta azken epaien erabakia negatiboa izan zenez, espetxeak diren zulo beltzetan egoera hauei aurre egiteko modu bat da.
Nolakoa da bere egunerokoa?
Gaixotasuna hasi zitzaionetik mugatua da bere egunerokoa. Espetxean zuen bizitza guztiz aldatu zitzaion gaixotasuna hartu zuenetik. Orain, kirolarik ezin du egin eta bere egunerokoa minen eta medikazio artean joaten zaio neurri handi batean.
Tratamendu egokia jasotzen du?
Tratamendua badu, baina espetxeko baldintzetan dena da aunitzez zailago, artatze medikua hagitz exkaxa da. Horrela, neurologo eta espezialistak urteak dira ez dituela ikusten, beraiekin kontsultarik ez duela izan, eta beraz, tratamenduak gaixotasunaren egungo egoerari erantzuten dion ere ez dakigu.
Eta zuek, familia, zer moduz zaudete?
Min haundia sentitzen dugu, Ibonek aspalditik egon behar zuelako aske, baina ezin dugu uka esperantza eta urduritasunaren areko nahasketa batekin bizi dugula datorkigun momentu hau. Jokoan aunitz dugu, erabakia zentzu batekoa izan edo bertzekoa izan, dena aldatzen baita guretzat. Epaileek egoera eta arrazoiei ikuspegi objetibo batekin eutsiko baliokete, Ibon aske utzi beharko lukete. Aske artatze egokiago bat izateko, artatze duin bat azken finean, esklerosia gaitz kronikoa denez, betirako izanen baitu Ibonek. Aske utziko ez balute, Ibon ahalik eta azkarren guztiz elbarri bilakatzera kondenatu nahi dutela erran nahiko luke, ongi ezagutzen baitituzte gaixotasunaren ezaugarri eta ondorioak.
Behin baino gehiagotan eskatu izan duzue libre uzteko. Medikuek kartzela eta bere gaixotasuna ez direla bateragarriak erran izan dute. Azken medikuak izan ezik. Egoera luzatzen ari da…
Bai, gaixotasuna dela eta aske uzteko prozedura (zigorraren suspentsioa), duela kasik lau urte eskatu zuen, eta oraindik prozedura ez ea bukatu. Prozedura honen asmoa, larrialdi egoerei erantzutea da, baina nork uler dezake lau urtetan erantzun definitiborik oraindik ez izatea? Lau urte horietan gaixotasunak aitzinera egin du, eta Ibonek lau urte horietan artatze egoki bat izateko aukera galdu du. Horrelako prozedura batean, medikuek gaixo dagoen pertsonaren egoera aztertzen dute, beraien iritzia epaileari emateko eta, gaur egun, frantses legeen arabera, mediku baten iritziarekin nahikoa da epaileak bere epaia emateko behar dituen elementuak izateko. Ibonek, ordea, bi azterketa mediku jasan zituen, eta biek zioten Ibon kaleratu beharra zegoela. Bi txosten mediku izanda ere, epaileak bertze mediku bat izendatu zuen txosten berri bat izateko, eta azken txostenak kontrako iritzia eman zuen. Hiru txosten mediku izanda ere, epaileek soilik azkenekoari egin zioten kaso.
Epaiketaren esperoan zaudete. Zer espero duzue?
Epaiketa azaroaren 24an izanen da. Epaia azkar ematekotan ere hilabete beranduago emanen dute guttienez. Denbora aunitz daramakigu Ibonen askatasuna itxaroten eta, noski, guk bere askatasuna bertzerik ez dugu espero. Egia da orain arte epaiek, zoritxarrez, kontrako erabakiak irenstera ohitu gaituztela, baina Ibon askatzeko arrazoiak, larrialdi egoerabat izateaz gain, sendoak dira, denbora aitzinera doan neurrian geroz eta sendoagoak.
Azaroan Ibonen aldeko manifestazuia egitekoa da Baionan…
Azaroaren 19an izanen da da, arratsaldeko 5etan, Baionak Euskaldunen Plazatik abiatuta.
Mobilizazioek nolako garrantzia dute zuentzat?
Egoera honen aitzinean aukerak ez dira mila. Beraz, edo deus egin gabe gelditzen gara, eskuak gurutzatuta, baina horrela badakigu Ibon ez dutela askatuko; edo gure esku dagoena egiten saiatzen gara Ibon aska dezaten, norabide horretan bultzatzen. Guk nahiago dugu noski eragile izan eta egoerak izan beharko lukeenirtenbide justua lortzeko bulkatu. Hori egin ezean, badakigu zein izango litzatekeen erantzuna. Mobilizatzeak noski, ez du bermatuko Ibon askatzea, baina argi dago askatasuna lortzeko aukerak, mobilizazio eta gizarte aktibaziotik etorriko direla. Horregatik mobilizatzeak izugarrizko garrantzia du, eta neurri haundi batean, Ibon eta larriki gaixo diren bertze euskal preso politikoak kaleratzeko giltza gizarteak dauka.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Ez nituzke aipatu gabe utzi nahi larriki gaixo diren bertze euskal preso politikoak, eta orokorrean ere euskal preso politiko guziak, neurri bidegabeak aplikatu baitzaizkie denei. Larriki gaixo diren presoentzat, egoera hagitz larria da eta lehen bait lehen lortu behar dugu kalean baldintza duinetan artatuak izateko aukera izatea. Bidegabekeri guztiekin bukatu beharra da, eta hori neurri haundi batean gizartearen esku dago. Nere, zure, gure, denok eskuetan dago hori. Baina, horretarako bakoitzak gure hondar aletxoa jarri behar dugu. Ez dezagun egoera hau gehiago onartu, ez gaitezen ohitu bidegabekeri hauekin bizitzera, haien bizitzak jokoan daude. Etxera ekarri behar ditugu denak. Azkenik eskertu nahi nizueke Ibonen egoeraren berri emateko aukera hau eskaintzeagatik, eta bertzalde, jendea, azaroaren 19an Baionan izango den manifestaziora deitzeko aprobetxatu nahi nituzke lerro hauek.