'No sabemos (bien) euskera, ¿Cómo les ayudaremos?' gurasoendako hitzaldia azaroaren 17an Beran

Ttipi-Ttapa 2016ko azaroaren 15a

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle den Paula Kasaresek eskainiko du hitzaldia.

Ortzegunean 17:00etan Beralandetan antolatu du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Paula Kasaresekin

Datorren azaroaren 17an, ortzegunarekin, Berako Beralandeta eraikinean, arratsaldeko 5etan, euskaraz ez dakiten edo ongi moldatzen ez diren gurasoentzako hitzaldia izanen da.

 

Hitzaldiaren helburua da etxean euskara irakasteko aukerarik ez duten gurasoei haien seme-alabak elebidun bilakatzen laguntzea. Hau da, hizkuntza bera ezin diete irakatsi, baina bai hizkuntzaz jabetzeko beharrezkoa diren motibazioa, erabilera eta ezagutza bermatu eta ziurtatu. Hori guraso guztien esku dago, euskaraz jakin ala ez.

Hizlaria Paula Kasares Corrales izanen da. Kasares Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da, eta hain zuzen ere bere tesi doktorala euskararen belaunez belauneko jarraipenaren eta familia euskaldunetako hizkuntza sozializazioaren gainean egin zuen. Geroztik, gai horren beraren inguruan “Euskaldun hazi Nafarroan” liburua argitaratu zuen (Euskaltzaindia, 2014)- Azken urteotan gisa honetako hitzaldi ugari eskaini dizkie gurasoei Euskal Herriko hainbat herritan. 

Hitzaldia Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu du, familietan euskararen erabilera areagotzeko duen egitasmoaren barrenean.

Hitzaldia euskaraz ez dakiten gurasoei zuzendua denez, gaztelaniaz izanen da. Mankomunitateak dei egiten die herritarrei, inguruan euskaraz ez dakiten gurasoak izanez gero, hitzaldira joan daitezen anima ditzaten.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun