Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketa irabazi du Lesakako Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2016ko azaroaren 14a

Beti Gazteko gizasemeen sokatira taldeak irabazi du Nafarroako txapelketa, 600 kiloko kategorian. Argazkia: Xagu-Lesaka

Berriozarren hirugarren izan arren, aitzinetik pilatutako puntuekin aski izan zuen 600 kiloko txapela janzteko

Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketaren hirugarren eta hondar jardunaldia jokatu zen azaroaren 12an Berriozarren. Hirugarren saio horretan hirugarren izan arren, Lesakako Beti Gaztek jantzi zuen gizasemeen 600 kiloko kategoriako txapela. 

 

Berriozarren etxeko taldea izan zen nagusi, Txantrea bigarren eta Beti Gazte hirugarren. Baina Lesakako taldeak zenbait aldaketa egin zituen goma gaineratu zuen zortzikoan, esperientzia guttiagoko tiralariei ere lekua utziz, jakina baitzen txapela Lesakara ekarriko zutela.

6x6 txapelketa mistoan, berriz, 420 kiloko kategorian, Berriozar A nagusitu zen, Txantrea, Berriozar B eta Kaskallueta menperatuta. Emakumezkoen 375 kiloko kategorian, Berriozar nagusitu zitzaion Txantreari.

Berriozarko alkateak, Raul Maizak jarri zien txapelak talde txapeldunei.

 

Euskadiko 4x4 txapelketa

Baina Nafarroako txapelketan ez ezik, Euskadiko 4x4 sokatira txapelketan ere ari dira Beti Gazteko tiralariak. Zehazki, 320 kiloko kategorian hasi dira eta azaroaren 5ean Zamudion (Bizkaia) eta azaroaren 13an Anoetan (Gipuzkoa) beraien multzoko buru izan ondotik, azaroaren 13an Ibarran (Gipuzkoa) jokatuko den finalerako txartela lortu dute.

320 kilokoaren ondotik, 300 kiloko txapelketa hasiko da eta hemen bi talde plazaratuko ditu Beti Gaztek. Denera 12 talde ariko dira, bi multzotan banatuak. A multzoan, Beti Gazte A, Ibarra A, Murueta A, Txantrea, 6 Conceyos eta Berriozar ariko dira; B multzoan, Beti Gazte B, Ibarra B, Murueta B, Kaskallueta, Ustaritzeko Gazteria eta Ñapurrak ariko dira. Lehen jardunaldia azaroaren 26an jokatuko dute Artziniegan (Araba), bigarrena abenduaren 4an Asteasun (Gipuzkoa) eta hirugarrena abenduaren 17an Kortezubin (Bizkaia). Egun hauetan, emakumezkoen 260 kilokoa ere erabakiko da. Ibarra, Bizindar, Badaiotz, Txantrea eta Ustaritzeko Gazteria segurutik ariko dira eta Berriozarren partehartzea ez dago segurtatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun