2016-17 ikasturtean 71 ikaslek eman dute izena Bortzirietako Euskaltegian

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 11a, 08:59

Duela hamar ikasturteko datuetara bueltatu da Bortzirietako euskaltegiko matrikulazio kopurua.

Mankomunitateak debalde eskaintzen du aukera eta matrikulazioa %57,8 igo da aurten

Ikasturte berria hasi da euskaltegian eta ikasle kopuruak nabarmen egin du goiti. Guztira 70 ikaslek eman dute izena euskaltegian eta iaz 45 ikasle izan ziren. Beraz, 25 ikasle gehiago izanen dira ikasturte honetan. Hazkundea ez da nolanahikoa, %57,8koa hain zuzen ere. Igoera gehien bat lehenbiziko urratsean sumatu da, non 21 ikasle berri izanen baitiren. Berako 37 ikasle, Lesakako 21, Etxalarko 7, Igantziko 6 eta Arantzako alerik ere ez da ikasturte honetan.

 

Euskara debalde ikasteko mankomunitateak 67 eskaera jaso du eta dagoeneko finantzaketaren lehenbiziko zatia ordaindu zaie eskatzaileei. Orain erronka da ikasleen asistentziaren eta ikasketa prozesuaren jarraipen egokia egitea da. Horretarako jarraipen lan taldea eratu dute euskaltegiko irakasleek eta euskara teknikariak. 

2013an ehun lagunetik gora gogoeta prozesu batean parte hartu zuten Bortzirietan; hurrengo urteotarako euskararentzako erronkak eta lehentasunak zehazteko. Herritarren euskalduntzeari eta alfabetatzeari zegokionez, helburu hau adostu zen bertzek bertze: 2) euskalduntze-alfabetatzea unibertsalizatzea, prestigiatzea eta zabaltzea. 2016ko ekintza planea, berriz, euskara ikasteko diru laguntza politika berraztertzea eta euskara ikastea doakoa izan zedin bideak urratzea aurreikusi zen.

Plan estrategikoan jasotako helburuari eta filosofiari leial, urrats erabakigarria egin du mankomunitateak euskara ikasteko eskubidea herritar guztien eskura egoteko eta unibertsala izateko; 2016-2017 ikasturtetik aurrera euskara ikastea debalde izanen da Bortzirietan..

Mankomunitateak, bere gain hartzen du euskara ikasteko eskubide hori herritar guztien eskura egoteko ardura, betiere, ikasleek hainbat baldintza betetzen badituzte. Hala, eta zentzuzkoa den eran, gutxieneko bertaratze eta aprobetxamendu maila egiaztatu beharko dute, eta euskaltegia bera arduratuko da horren jarraipena egiteaz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun