Paris 365 Fundazioarentzat janari bilketa eginen dute Arantzan azaroaren 11n

Ttipi-Ttapa 2016ko azaroaren 9a

Joan den urtean 3.805 kilo janari bildu zituzten Arantzan Paris 365 Fundaziora eramateko.

Ortziralean 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara eraman daiteke laguntza Bortzak Bat kooperatibara 

Iruñaldean, beharrean daudenen alde lanean ari den fundazioa da Paris 365. Eta aurten ere Fundazioari helarazteko janari bilketa eginen dute Arantzan. Iaz bezalaxe, Eguberri inguruan bertze kanpaina batzuk izaten direla kontuan hartuz, janari bilketa aitzineratzea erabaki dute. Kanpaina honetan parte hartu nahi dutenek azaroaren 11n, ortziralean 10:00etatik 12:00etara, eta 16:00etatik 18:00etara eraman dezakete laguntza Bortzak Bat kooperatibara.

Lagundu nahi dutenek eta egun horretan hurbildu ezin direnek, berriz, 948 634030ra deitu dezakete, azaroaren 11 baino lehen. Etxeraino joanen baitira eman nahi den horren bila.

Fundaziotik ondoko janariak eman daitezkeela adierazi dute: esnea, olioa, azukrea, cola cao eta latako kontserbak. Janari horiek hamabortzero behartsuei banatzen dizkieten saskiak osatzeko erabiltzen dituzte.

Nahiago duenak ekarpena diruz egin, herriko banku bulegoetan irekita dauden kontuetan egin dezake.

Aitzinetik eskerrak eman ditu Paris 365 Fundazioak. Gogoratu, iazko kanpainan 3.805 kilo janari bildu zirela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun