Nafarroako sokatira txapelketako bigarren jardunaldia azaroaren 6an jokatuko da Lesakan

Ttipi-Ttapa 2016ko azaroaren 4a

Nafarroako zortzinakakoan ez ezik, Euskadiko launakako txapelketan ere hasiko dira asteburu honetan Beti Gazteko tiralariak.

Beti Gazteko tiralariek Euskadiko 4x4 sokatira txapelketan ere hasiko dira larunbatean Zamudion (Bizkaia)

Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketaren bigarren jardunaldia, azaroaren 6an, igande arratsaldeko 5etatik aitzinera jokatuko dute Lesakako udal pilotalekuan.

 

Gizonezkoetan, 600 kiloko kategorian, Lesakako Beti Gazte nagusitu zen lehen jardunaldia eta lesakarrekin batera Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira. 6x6 txapelketa mistoan, berriz, 420 kiloko kategorian, Berriozar A eta B, Txantrea eta Kaskallueta ariko dira. Emakumezkoen 375 kiloko kategorian, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira.

Nafarroako txapelketako hirugarren eta hondar jardunaldia azaroaren 12an jokatuko dute, 18:00etan Berriozarren

 

Euskadiko 4x4 txapelketa

Baina Nafarroako txapelketan ez ezik, Euskadiko 4x4 sokatira txapelketan ere hastekoak dira asteburu honetan Beti Gazteko tiralariak. Zehazki, azaroaren 5ean, Bizkaian, Zamudioko pilotalekuan jokatuko dute 320 kiloko lehen jardunaldia, larunbat arratsaldeko 5etatik aitzinera. Kategoria honetan bederatzi talde ari dira, bi multzotan banatuak. Lesakarrekin batera, B multzoan, Asturiasko 6 Conceyos, Ezpeletako Ñapurrak, Murueta B (Bizkaia) eta Ibarra B (Gipuzkoa) lehiatuko dira. A multzoan, berriz, Ibarra A, Murueta A, Txantrea eta Gabadi ariko dira.

Zamudiko lehen jardunaldiaren ondotik, azaroaren 13an Anoetan (Gipuzkoa) eta azaroaren 19an Ibarran (Gipuzkoa) finala jokatuko da. Multzo bakoitzeko hiru lehenbizikoek jokatuko dute finala.

320 kilokoaren ondotik, 300 kiloko txapelketa hasiko da eta hemen bi talde plazaratuko ditu Beti Gaztek. Denera 12 talde ariko dira, bi multzotan banatuak. A multzoan, Beti Gazte A, Ibarra A, Murueta A, Txantrea, 6 Conceyos eta Berriozar ariko dira; B multzoan, Beti Gazte B, Ibarra B, Murueta B, Kaskallueta, Ustaritzeko Gazteria eta Ñapurrak ariko dira. Lehen jardunaldia azaroaren 26an jokatuko dute Artziniegan (Araba), bigarrena abenduaren 4an Asteasun (Gipuzkoa) eta hirugarrena abenduaren 17an Kortezubin (Bizkaia). Egun hauetan, emakumezkoen 260 kilokoa ere erabakiko da. Ibarra, Bizindar, Badaiotz, Txantrea eta Ustaritzeko Gazteria segurutik ariko dira eta Berriozarren partehartzea ez dago segurtatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun