Berako koadrilen arteko lehen Goitibera lehiaketa eginen dute azaroaren 5ean

Ttipi-Ttapa 2016ko azaroaren 4a

Goitibeheren jautsierek ikusmina piztu ohi dute.

Larunbat goizean entrenamendu libreak eta arratsaldean jautsiera, goitipoteobehera, afaria eta sari banaketa 

Berako I. Koadrilen arteko Goitibera lehiaketa eginen dute azaraoren 5ean, Mitxinborda eta Matzada artean. Larunbatean 10:00etatik 13:00etara entrenamendu libreak eginen dituzte, eta 14:30etik 15:15era dortsal banaketa eta alkoholemia kontrola, 15:30etik 18:30era goitibeheren jautsiera, hiru txandatan eta 19:30ean hasita, goitipoteobehera herrian zehar, goitibehera guztiekin. Gaueko 9etan afaria (paellada) eta sari banaketa eginen dute Iamotenean eta ondoren, goitibera besta herrian barna.

 

Oinarriak

Goitibera bakoitzeko guttienez bi pertsona izan beharko dira eta partehartzaile guztiek beharrezkoa izanen dute kaskoa eta gorputzeko babesak. Goitibera guztiek balaztak edo frenoak izatea beharrezkoa izanen da. Motorrez baliatzen den goitibera, zuzenean lehiaketatik kanpo geldituko da. 16 urtez beheitikoek, parte hartu ahal izateko, izen-emate prozesuan gurasoen baimena-orria sinatuta eraman beharko dute. Izan ere, bi mailatan banatuko dira partehartzaileak: 16 urtez beheitikoak eta maila absolutoa, 16 urte eta gehiagokoak. Maila bakoitzeko txapeldunentzako txapela izanen dute eta sari berezia, landetxe bateko egonaldia, goitibeheren originaltasuna kontuan hartuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun