Taipeiko gazte abesbatza
Nie Yen-Hasiang zuzendariaren erranetara, 25 emakumek eta 20 gizasemek osatzen dute The Taipei Yoyth Choir. Taipeiko Gazte Abesbatza (TYC) 2010ean sortu zen. Taipeiko Gizonezko Abesbatzaren arte- eta koru-zuzendariak sortu zuen, Nie Yen-Hsiangek; izan ere, Taiwanen berari otu zitzaion lehenengo aldiz koru misto bat eratzea, bigarren hezkuntzan eta unibertsitatean zeuden gazte koru-musikazaleak bilduta, musika koralaren arloko ikasketak garatu zitzaten eta beren arte korala jendaurrean erakutsi zezaten. 2010eko abenduan eman zuten lehen kontzertua, eta atzera jaso zituen iritziez elikatu zen korua bera. Azken urteotan TYCk harremanak eratu ditu nazioartean, beste herrialde batzuetako musikagileekin, orkestra-zuzendariekin eta abesbatzekin. 2011n, kontzertu liluragarria eman zuen Taipein, Shangaiko (Txina) BG CHOIR taldearekin batera. 2012an nazioarteko sona duten hiru zuzendarirekin elkarlanean aritzeak –Javier Busto, Damijan Mocnik eta Brady Allred– errendimendu bikaina eta aho-soinu dotorea lortzeko bidea eman zion TYCri. 2012ko abuztuan, Abesbatzen Nazioarteko 17. C.H.O.I.R Topaketara (Alemania) gonbidatu zuten taldea eta eraginkortasun handienarekin hartu zuen parte. 2013ko urrian TYCk 2013ko Koru Jaialdian eta Lehiaketan parte hartu zuen, Busanen (Korea). Kategoria misto klasikoan aritu zen eta Urrezko Saria eman zioten. Etorkizunerako dituen asmoen artean, musika koralean etengabe aurrera egitea espero du TYCk, baita Taiwaneko arte eta kultura korala sustatzea ere, gogo biziz musika koralaren kalitate hoberena erakutsiz.