Astelehen eguerdi partean Udalak inaugurazio ekitaldi ttiki bat eginen du eta arratsaldeko 4etatik aitzinera ate irekiak izanen dira. Arratsaldeko 6etan Isabel Millet ipuin kontalaria ariko da eta ondotik haurrentzako txokolatada izanen da.
Liburutegi berriak 380 metro koadro erabilgarri izanen ditu (gaur egungoak 240 ditu) eta irakurketarako 82 toki (58 helduendako eta 24 haurrendako), baita Interneten kontsultak egiteko sei ordenagailu ere. Haurrendako eremua, helduendako irakurketa eta estudio eremua, hemeroteka, ikusentzunekoen eremua eta talde-lanetarako aretoa izanen ditu. Astean 30 orduz irekia egonen da liburutegia, astelehenetik ortziralera, 15:00etatik 21:00etara.