Bezperako egitaraua ere urtetik urtera osatuagoa izaten da. Larunbatean, 11:30ean Jakoba Errekondok Bizi baratzea solasaldia eskainiko du Beralandetan. 15:30ean ttikien lasterketak eginen dira eta 17:00etan Lizuniagako igoeraren 36. edizioa. 18:30ean “Urtebete Beran” argazki erakusketa irekiko da Labiaga Ikastolan. Aurten, hamargarren edizioa beteko duen barazki opil lehiaketa 19:00etan eginen da Altzateko frontoian, trikitilariek lagunduta. 100 euroko saria jasoko du irabazleak.
Gasna eta sagardo lehiaketak igandean
Igandea izanen da egun nagusia. 09:00etarako lehiaketarako gaztak eta sagardo botilak eraman beharko dira Ricardo Baroja eskolara eta barazkiak Merkatuko Plazara (Illekueta aldean). 10:00etatik aitzinera eskulangile eta elikadura azoka eginen dira eskola inguruan, baita barazki, fruitu eta lore erakusketa, Olakoren erakusketa eta Txiki Txef sukaldari besta ere Merkatuko Plazan (Altzateko plazaren parean, Illekueta aldean. 10:30ean txistulariak, zeltiar musika eta Irats trikitilariak izanen dira Altzateko plazan. 11:00etan hasiko da Bortzirietako 30. Gasna lehiaketa eta Bera Eskolako trikitilariak kalejiran abiatuko dira. Eguerdian, 19. Sagardo Lehiaketa eginen da Karnaxenean eta kalejiran aterako dira Musika Eskolako eta bandako musikariak. Bi lehiaketetan parte hartzeko Bortzirietako ekoizlea izan behar da. Gazta lehiaketa irabazten duenak 300 euroko saria eta oroigarri bat eramanen ditu eta bigarrenak 100 euroko saria. Sagardo lehiaketako irabazleak, berriz, 200 euro eskuratuko ditu eta bigarrenak 75 euro.
Arratsaldean ere segituko du bestak. 16:30ean hasita Altzateko Plazan haurrendako musika saioa eskainiko du Oharkabe taldeak. 17:00etan herri kirolak izanen dira: Nafarroako arpana txapelketa mistoa eta harri-jasotze erakustaldia. Sari banaketa eginen da bertsolariekin eta horrekin batera enkantea, eta dantzaldia Oharkabe taldearekin. Egun guztian musika, taloak, eta jaki eta edariak dastatzeko aukera izanen da.