San Fermin elkartearen Egunean omenaldiak izanen dira urriaren 21ean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2016ko urriaren 18a

Aurreskua eskainiko zaie aurten ere omenduei.

Aurtengoan Kasino jatetxean eginen dute bazkaria

San Fermin jubilatu Elkartearen Eguna urriaren 21ean, ortzirale honetan ospatuko dute. Aurten ere, Diamantezko eta Urrezko Ezteiak ospatzen dituzten bikoteei eta 85 urte betetzen dituzten bazkideei omenaldia eskainiko zaie. 

 

Eguneko egitarauan ez da aldaketa handirik izanen. 12:30ean Meza Nagusia ospatuko da San Martin elizan. 13:30ean Aurreskua eskainiko zaie plazan omenduei. 14:00etan bazkaria izanen dute, aurtengoan Kasino jatetxean. Bazkalondoan, omenaldiak eginen dituzte. 17:00etan elkarteak antolatutako txapelketa ezberdinetako sariak eta trofeoak banatuko dituzte eta 17:30ean animatuenek dantzatzeko aukera ere izanen dute.

 

Omenduak

Aurten 85 urte betetzen dituzten pertsonak badira herrian, baina, arrazoi ezberdinak medio, bakar bat ere ez da animatu ortziraleko ospakizunean parte hartzera. Urrezko Ezteiak ospatzen dituzten senar-emazteen artean, Kontxita Telletxea eta Ramon Fagoaga izanen dira ortziraleko ospakizunean. Diamantezko Ezteiak, berriz, Garaiar baserriko Gloria Maia Anduezak eta Antonio Telletxea Espadak ospatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun