Hiru antzezlan liburu bakarrean bildu ditu Gaizka Sarasola antzerkigile lesakarrak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko ira. 8a, 07:35
Gaizka Sarasola erdian, joan den urte bukaeran estreinatutako 'Bertso atabikoak edo Norena da basoa?' antzezlaneko bi aktore-dantzarirekin.

‘Erleak, satorrak, beleak’ liburua argitaratu du Edo argitaletxeak

Azken urteetan idatzi eta taularatutako hiru antzezlanen testuak bildu ditu Gaizka Sarasola antzerkigile, aktore eta musikari lesakarrak Edo argitaletxeak argitaratutako Erleak, satorrak, beleak liburuan: 2013an Gilkitxaro antzerki taldeak estreinatutako Urak ttiki dire pieza, 2013an Cafe Bar Bilbao antzerki laburreko gidoi lehiaketa irabazi zuen Lur azpikoak lana, eta iaz Lesakan estreinatutako Talaka

 

Salbuespen izaten dira testu formatuan argitaratzen diren antzezlanak eta oraindik salbuespen handiagoa liburu gisa karrikaratzen diren euskarazko antzezlanak. «Hau kasu berezi bat izan da», aitortu du horregatik 1974an Lesakan jaiotako Gaizka Sarasolak.

Musikari eta aktore izanik, antzezlanaren doinua eta pertsonaien keinuak gogoan dituela idazten omen ditu beti testuak. Eskuak teklatuan, baina gogoan agertokia duela. Orain paperean bildutako hiru hauek baino lehen ere idatziak ditu antzezlanak Gaizka Sarasolak, 2004. urtean Euskara Mankomunitatearen beka jaso zuen Erregea, bufoia eta soldadua erraterako. Ondotik ere, iazko abenduan estreinatu zuen Bertso atabikoak edo Norena da basoa? antzezlana Mairu Antzerki tailerrarekin (argazkian).

Musika arloan, musika irakasle eta txistulari taldeko zuzendari ez ezik, esperimentazioa eta soinu berriak maite ditu Sarasolak eta Ixuriak (2004) eta Ez naiz deusen jabe (2007) diskak argitaratu zituen Xabier Erkizia herriko soinu-artistarekin elkarlanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun