Etxalarko usategietako postuen lehenengo enkantean 30.130 euro bildu dira

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 5a, 11:01
Ehiztariek ez zuen prezio mugimendu handirik sortu larunbatean Etxalarko Herriko Etxean.

Hamar postu hasierako prezioan eman dira eta sei hutsik gelditu dira momentuz.

Irailaren 3an, larunbat eguerdian egin zen Etxalarko Usategietako postuen lehen enkantea. Ehiztari gutti bildu ziren eta guttik hobetu zituzten hasierako prezioak. Horren erakusgarri 21 postuetatik 10 hasierako prezioan eman ziren, inolako igoerarik gabe, eta bertze sei hutsik gelditu ziren. 

Lehenbiziko sei postuak Etxalarko Ehiztariak elkartekoentzat izan ziren eta gainerakoak partikularrendako. Bi posturik garestienak, zortzigarrena eta hamaikagarrena, 3.205 eurotan eman ziren, hasierako prezioan. Hamabigarren postuak izan zuen hobekuntzarik handiena, 1.625 euroko hasierako preziotik 2.895 eurora igo baitzen. Hogeigarrena eta hogeita batgarrena ere, hasierako 1.625 euroetatik 2.175 eta 2.225era igo ziren.

Emandako 15 postuengatik 30.130 euro jasoko ditu Etxalarko Herriko Etxeak eta hasiera batean 33.545 euro biltzea espero zuen. Gogoratu behar da 2000. urtean 50.000 euro lortu zituela Etxalarko Udalak eta 2004an 81.875 euro.

Irailaren 13an, heldu den astearte arratsaldeko 7etan izanen da sestarako aukera (prezioaren seiren bat igo beharko litzateke guttienez) eta hutsean gelditutako postuak ere sartuko dira bigarren enkante honetan ere. Sesta horretan parte hartzeko epea irailaren 9an, ortzirale eguerdian bukatuko da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun