Belar artifiziala jarrita futbol zelaia egunero erabili ahal izatea lortu nahi dute «orain artean, belar naturalarekin ez zen posible hondatu egiten zelako». Lanak dagoeneko hasiak dituzte eta lehenbiziko fasean futbol zelaiaren inguruko perimetro bateko eta itxierako belarra aldatuko dituzte. Hobekuntza lan hauen kostua 500.000 eurokoa izanen da eta horietatik zatirik handiena, 380.000 euro zelai artifiziala jartzera bideratuko dira. Udalak mantenimendu gastuak ordaintzeko 20.000 euroko laguntza emanen dio aurten ere Gure Txokoari.
Duela urte asko hasi zen Gure Txokoa elkartea, inguruko Udalen laguntzarekin, obra hauek egiteko finantziazio bila eta urtez urte, Nafarroako Gobernuaren eta Futbol Federazioen ezezkoa jaso izan dute. Aurten ordea, Futbol Federazioak baiezkoa eman die eta Gure Txokoak proiektuari heldu dio. Berez, hiru zatitan ordaindu ohi direlako gisa honetako proiektuak: Gobernua, Futbol Federazioa eta Udalaren artean. Horregatik, Udalarekin batera, Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gizarte gaietako arduradunekin elkartu ziren obrak finantzatzeko laguntza eske. Egoera ekonomikoa tarteko laguntza hori ematea ez dela posible erantzun zien Gobernuko ordezkariak eta azkenean Gure Txokoak bere gain hartu du zati horren ordainketa eta laguntzeko, lortutako patrozinio guztiak desgrabatzeko konpromisoa hartu du Gobernuak. Hala, hogei elkartek Gure Txokoari patrozinio bidez emanen dien laguntzari esker lortu da dirua, Nafarroan lehenbizikoz gertatzen da antzeko zerbait.