Errefusa zaborrontziaren tapa berria estreinatu dute Etxalarren, Nafarroan aitzindaria

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 22a, 11:32
Errefusa edukiontzia tapa berriarekin.

Edukiontziari tapa ttikiagoa paratu diote eta gisa honetara, bertara hondakin guztiak nahasita bota daitezen saihestu nahi du Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak.

 

Hondakinen bereizketa eta birziklapenean Etxalar eredugarria izateko kanpainan bertze urrats bat eman du Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak. Errefusa zaborrontziaren tapa berria paratu dete herriko zaborrontzi guztiei. Proba pilotu bat da, aitzindaria Nafarroan, eta honela, bertara hondakin guztiak nahasita bota daitezen saihestu nahi dute.

Tapa berri honen aurkezpena joan den uztailaren 28an egin zuten Etxalarren. Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak azken hilabeteetan Etxalarren egiten aritu den kanpainaren barrenean, hondakinen inguruko hitzaldia antolatu zuen eta han izan ziren Isabel Elizalde Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Admininistrazio Departamentuko hondakinen sailburua, Iñaki Urrizalki Nafarroako Hondakinen Partzuergoko kudeatzailea eta David Morales Vermican Soluciones de compostaje enpresako kudeatzailea. Hainbat gai landu zituzten: hondakinen kudeaketan etorkizunean egin beharreko erronka garrantzitsuenak, Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integratu berriaren (NHKPI) eta Nafarroako Hondakinen Lege berriaren ardatz nagusiak, Nafarroako hondakinen garraio eta tratamendu sistemak eta Etxalarko kanpainan egindako ekintzarik nabarmenak eta lortutako emaitzak ere bai.

«Birziklatzea derrigorrezkoa da denentzat»

Bide batez, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatetik oroitarazi nahi izan dute «birziklatzea derrigorrezkoa dela denentzat, eta denen erantzukizuna dela». Izan ere, edukiontzi berdera botatzen diren hondakinak ez dira bereizten eta ez birziklatzen ere. «Mankomunitateak zerbitzu aunitz ditu etxeetan eta saltokietan sortzen diren hondakin gehienak bereizita bildu ahal izateko».

Errefusa edukiontzietara zenbait hondakin mota bota behar direla ere gogoratu dute: pardelak eta konpresak, hortz eskuilak, bizarra mozteko bizar-xaflak, zeramika eta portzelanazko objektuak, ispiluko eta leihoetako kristalak, kristalezko edalontziak, paper plastifikatua edo materia organikoaren edo olio industrialekin zikindutakoa... «Artikulu hauek erraz sartzen dira edukiontziak duen aho berritik. Beraz, Mankomunitateak ez du onartuko poltsak lurrean uztea», gaineratu du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun