Jose Luis Etxegarai alkateak aipatu duenez, «hori, dokumentazio ofizialarekin ziurtatzen ahal diren kalteak dira, baina seguru galerak handiagoak direla. Guk egindako kalkuluaren eta Foruzaingoak egindako atestatuan Hektareako balio bat jarri dugu eta itzaltze gastuak gehituta, 944.106,90 euroko gastua da. Epaiketan jakinen da egia». Lesakan 147,90 Hektarea erre zituen abenduko suteak, horietatik 143,60 Hektarea herrilurrak. Lekukoen arabera, zuhaitz bat argindar sarearen gainean eroritakoan hasi zen sua eta alkateak dio Iberdrolak eremu horiek garbitzeko baimena daukala.
Lesakako Udalak hartutako akordioaren arabera, abokatu batek bilduko du behar den informazioa. Iberdrolarekin eskutitzez egindako lehen harremanean enpresak eskuak garbitu zituen eta izatekotan, sutearen ardura zuhaitzaren jabearena zela erantzun zuen. Alkateak dio salaketa honekin bi helburu lortu nahi dituztela: «alde batetik sutean galdutako guztia edo gehiena errekuperatzea eta bertzetik, gertatzen diren sute guztiak ikertuko dituztela jakinaraztea, arduradunek ordain dezaten eta kontu gehuagorekin ibil daitezen».