Iruñeko Jose Antonio Olaizen argazki erakusketa ikusgai dago Berako Kultur Etxean

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 9a, 08:10

Uraren inguruko hausnarketa egiten du Olaizek argazkilaritzatik.

Ura oinarri duten argazki esperimentalak abuztuaren 21a arte ikusteko aukera izanen da

Argazkilaritza esperimentala oinarri duen Jose Antonio Olaiz iruindarraren “Helburua: bigarren elementua” argazki erakusketa ikusgai dago Berako Kultur Etxean abuztuaren 2tik 21era arte, Berako Udalak antolatuta.

 

Iruñean, Atarrabian eta Lizarran egon ondotik, uraren inguruko argazki erakusketa honetaz gozatzeko aukera izanen da Beran. Asteartetik igandera irekiak egonen dira Berako Kultur Etxeko ateak, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Igandetan bakarrik goizez eta astelehenetan itxia.

 

Bigarren elementua

“Bigarren elementua”, José Antonio Olaiz Urriza iruindarraren erakusketa. Tituluak antzinako filosofoek egindako sailkapenari egiten dio erreferentzia eta, argazkilaritzatik, uraren inguruko hausnarketa izan nahi du.

Naturan ikusten eta sentitzen duenaren isla da, eta uraren inguruko ikuspegi ezberdinak erakusten dizkigu. Argazkiek ez dute tratamendu digitalik; objektiboa iragazkirik paratu gabe eta klikatze jarraiturik gabe egina da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun