Probaren irabazlea Alemaniako Jan Frodeno izan zen, 2008an Pekingo Olinpiadetan urrezko domina eskuratu eta gaur egun Munduko txapeldun dena. Irabazteaz gain, Ironmaneko Munduko errekorra 6 minututan hobetu zuen (7 ordu, 35 minutu eta 39 segundoko marka sinestezina ezarriz). Emakumezkoetan, Daniela Ryf suitzarra izan zen garaile, baina ezin izan zuen Chrissie Wellington britainiarrak 2011ko Roth proban ezarritako marka ezarri.
Lesakako Beti Gazteko Bixente Igarzabal triatletari dagokionez, bigarren aldiz egin zuen Rotheko proba eta gisa honetara, bere hamazazpigarren Ironmana burutu du. Denera 9 ordu, 40 minutu eta segundo bat behar izan zuen, 160. Postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean eta 17. bere adin tartean.
Partzialei dagokienez, igeriketako 3.800 metroak egiteko ordubete, 16 minutu eta 52 segundo behar izan zituen (1.557. postuan atera zen uretik); bizikletako 180 kilometroak osatzeko, berriz, 4 ordu, 49 minutu eta 30 segundo behar izan zituen, 67. denborarik onena eta bukatzeko, lasterka maratoiko 42,195 kilometroak osatzeko 3 ordu, 28 minutu eta 7 segundo behar izan zituen (190. denborarik onena). Gisa horretara, erran bezala, 160. Postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean.