Lesakako futbol kanpusaren bigarren txanda ere azken txanpan sartu da

Ttipi-Ttapa 2016ko uztailaren 22a

Lesakako kanpusaren bigarren txandan ari diren neska-mutikoak eta monitoreak.

9-10 urteko 64 neska-mutiko ari dira Erriberako Futbol Eskolaren agindupean

Erriberako Futbol Eskolak hogeita laugarren urtez antolatu duen kanpusaren bigarren txanda egiten ari dira aste honetan, hamabosgarren urtez segidan Lesakan. Chus Rodriguez arduradunak aipatu digunez, bederatzi eta hamar urte arteko 64 neska-mutiko ari dira uztailaren 18tik 24rako aste honetan. 

 

Horietatik 17 Lesakakoak bertakoak dira edo Beti Gazteko harrobikoak (tartean, taldeko neska bakarra, Nerea Petrirena Apeztegia), baina Nafarroa osotik ez ezik, Gipuzkoa, Bizkaia eta Errioxatik etorritakoak ere badira. Horien artean, aipatzekoa berriki FC Barcelonarekin fitxatu duen Tuterako Alejandro Dominguez, hirugarren urtea baitu Lesakara etortzen.

Bigarren txanda honetan Jose Mari Pastor zuzendari teknikoa, Pablo Martinez, Mikel Corera, eta Xabi Etxenike lesakarra ari dira monitore. Eguraldiarekin gorabehera dexente izan dituzte aste honetan. Astelehen eta astearte arratsaldean, ohiko futbol jokuen ordez, Mastegi futbol zelaiko urarekin jolasean ibili baldin baziren, asteazkenean kazkabar-ekaitzaren babesa bilatu behar izan zuten. Horrez gain, uztailaren 22an Hendaian Osasuna eta Toulouseren arteko lagunarteko futbol partida ikustekoak dira. Gainera, Baztango bi emakume kirolariren bisita ere jasotzekoa dute igande eguerdian Harriondoan kanpusa agurtu baino lehen: eskubaloian aritua den Ainhoa Astiz lekaroztarra eta gaur egun, Estatu Batuetako Drury University taldean futbolean erdi-profesional ari den Uxoa Bertiz elizondarrarena.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun