VII. Alkaiaga Trail uztailaren 23an eginen dute

Ttipi-Ttapa 2016ko uztailaren 19a

Ttikiek nahiz helduek izanen dute lasterka egiteko aukera larunbat arratsaldean Alkaiagan.

Alkaiagako besten komiteak eta Manttale mendi lasterketa taldeak antolatuta, hirukoteka ariko dira korrikalariak larunbat arratsaldeko 6etatik aitzinera

Alkaiagako besten komiteak eta Manttale Mendi Lasterketa taldeak antolatuta VII. Alkaiaga traila uztailaren 23an eginen da 18:00etatik aintzinerat. Aurreko urteetan bezala, lasterketa auzoko inguruetatik igaroko da eta taldeak 3 partaideetakoak izanen dira, emakume batez gutxienez osaturikoak. 

 

Taldeek, erreleboka auzo ingurutik egin beharko dute ibilbidea Baldrun-Sorotik. Korrikalari batek lehenengo itzuli motza egingo du, 2 kilometrotakoa eta 75 metroko desnibela daukana, bigarrengoak luzexeago bat 3 kilometrotakoa eta 150 metrotako desnibela daukana eta azkenak 4 kilometro eta 155 metroko desnibela daukan ibilbide bat. Irteera eta helmuga Alkaiagako zonalde altuan egonen da eta errelebista bakoitzak artaburu bat eramanen du lekuko gisa.

Antolatzaileek gomendatzen dute, taldeak aldez aurretik eginak izatea eta partaideen izen abizenak mailez bidaltzea alkaiagatrail@hotmail.com helbidera. Talderik izan ezean, antolatzaileek, egunean bertan izena ematen duten parte hartzaileentzat taldeak antolatuko dituzte, beti ere kontuan izanda 3ko talde bakoitzean emakumezko bat egon behar duela.

Helduentzako lasterketa baino lehen, haurrentzako lasterketak izanen dira 17:30ean.

Errelebokako lasterketaren izen emateak 5 euro balioko ditu eta egunean bertan ordaindu daiteke edota lehenagotik Pikabea harategian Beran. Lehenengo 3 taldeentzako gainera sariak egonen dira. Izen ematean ordaintzen diren 5 euroak eskubidea ematen dute gero ospatuko den afarira joateko eta bertara, ikusle, bizilagun, eta nahi duen edonor ere etor daitezke. Hauentzat guztientzat ere 5 eurotan izanen da afariko sarrera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun