Arantzako txokorik politena eta hobeki zainduaren lehiaketa antolatu du Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 12a, 07:42
Herriko nahiz baserrietako txokorik politenak aukeratuko dituzte Arantzan.

Uztailaren 15a baino lehen argazkiak Herriko Etxera eraman behar dira

Arantzako Udaleko Ingurugiro eta Turismo Batzordeak  txokorik politenak eta hobekien zainduak direnak saritzeko lehiaketa antolatu du estreinako aldiz. Oinarrietan aipatu denez, lehiaketa honen bidez, Udalak agerian utzi nahi du etxe eta etxe inguruak txukun eta garbi edukitzeak ingurunean onurak ekartzen dituela, ingurumenaren kalitatea hobetzen duelarik.

 

Bi lehiaketa izanen dira: herri kaxkoko txoko eta ingurua kontuan hartuz, batetik; eta baserrietako txoko eta inguruak aintzat hartuz, bertzetik. Beraz, herri kaxkoko nahiz baserriko inguru eta txoko eder eta zainduak erakusten dituzten irudiak bilduko dira.

Parte hartu nahi dutenek uztailaren 15a baino lehen Herriko Etxera eraman behar dituzte argazkiak.

 

Herritarren botoa

Aurkezturiko argazkiak jende aitzinean egonen dira uztailaren 29ra bitarte Apezenea eta Dena dendetan eta Udalaren web orrian (www.arantza.eus). Nahi duenak gustukoa duen argazkia bozkatu ahal izanen du. Herritar bakoitzak bozka bat emateko aukera izanen du. Botoa Herriko Etxean eman behar da.

Boto gehien biltzen dituztenentzat lehiaketa bakoitzean lehenbiziko eta bigarren sariak izanen dira: lehenbiziko saria bi lagunentzako zirkuitua Elgorriagako bainuetxean eta bigarrena bi lagunentzako afaria herriko jatetxe batean.

Abuztu hasieran emanen dute sarituen berri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun