Bezperan, goizeko haurrren tanborrada eta musikari taldeen kalejiraren ondotik, arratsaldean Tantirumairu euskal folklore jaialdia bikaina izan zen. Aurten, 35. Urteurrena ere ospatu du dantza taldeak. Ondotik, bezperako tanborradako zuzendaritzan makila aldaketa egin zuten. Xabier Ariztegik gidatu zuen tanborrada hasieran, baina erditik aitzinera, Amaia Telletxea Mendigutxia hasi zen berekin batera eta bukaeran Amaia bera izan zen zuzendari. Heldu den urtetik Amaiak izanen du aginte-makila.
San Fermin egunean ezpatadantzariak izan ziren protagonista. Goizeko harat-honaten ondotik, Zubigainekoa dantzatu zuten. Arratsaldean, berriz ere ezpatadantzariak, aritu ziren, oraingoan neskekin batera. Martxel Rodriguez aitzineskuak Aurreskua dantzatu zion Itsaso Fagoagari.
Peñen egunean ere izan zen makila aldaketa zuzendaritzan. Hemen ere Xabier Ariztegik 20 urte zeramazkin zuzendari lanean eta berak gidatu zuen goizeko tanborrad, baina plazara ailegatzerakoan, Hautoritura peñako Mikel Mutuberriak hartuzuen lekukoa. Bera izanen da zuzendari hemendik aitzinera. Arratsaldean, peñek ohiko jautsiera egin zuten.
Asteburuan, haurren eguna eta bikoteen eguna ospatu zituzten. Ohikoa denez, kanpotik etorritako jendetza bildu zen. Igande arratsaldean, Txakaingo jautsiera egin zuten, Zortziko doinuarekin. Gauerdia eta gero, Gaixoa Ni kantatuz agurtu dituzte Sanferminak lesakarrek.