Arantzako eskola haunditzen hasiko dira udan

Nerea Altzuri 2016ko eka. 28a, 07:52
Arantzako eskolako irakasleak, Juanita Larralderi egindako omenaldian.

Patioan gela berria eta idorpea eginen dituzte eta Nafarroako Gobernuak %100 finantzatuko du

Jakina denez, Arantzako eskola ttiki gelditzen ari da. Joan den abenduan, eskola haunditzeko eskaera egin zuen Arantzako Udalak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuan eta Parlamentuan eta eskaerak erantzuna jaso du.

 

Lanak uda honetan hasiko dituzte eta pixkanaka eginen dituzte. Patioan, orain frontoi ttikia dagoen tokian, gela berria eginen dute eta oraingo patioan idorpe bat eginen dute frontoia harat mugituz. Lan hauek %100ean Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu.

 

Juanita Larralderen agurra

41 urte irakaskuntzan… Bada zerbait. Herriko haur aunitzen lehenbiziko andereñoa izan da Petriseneko Juanita Larralde Ibarrola. 1975ean hasi zen irakaskuntzan eta ikasturte honetan erretiroa hartu du. Aunitzentzat oraindik andereño da, lehenbiziko andereño. Hasierako urteak berekin egin dituz­te hainbat haurrek, ikastolan hasieran eta eskolan gero.

Omenaldi hunkigarria jaso zuen Juanitak ekainaren 9an. Eskolako gimnasioan bildu ziren denak, bere etxekoak barne. Zapela, lore sorta eta argazki bilduma oparitu zizkioten. Bertso ederrak kantatu ondotik, Aitziber eta Gaizka, bere alabak eta semeak panderoa eta akordeoia hartu eta guztia girotu zuten.

Ikasturte akaberarekin batera, hainbat ekimen ere egin dituzte eskolan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun