Sua eta urarekin euskarak tzipa eginak ospatu dute San Juan bezpera Lesakan

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 24a, 09:29

Manolo Arozenak, 25 urte bete dituen Bortzirietako bertso eskolaren izenean piztu zuen plazako sua.

Manolo Arozenak piztu du sua, 25 urte bete dituen Bortzirietako bertso eskolaren izenean eta balkoi loredunen lehiaketako sariak banatu eta bi buruhaundi berri ere aurkeztu dituzte

San Juan bezperako ekitaldia ospatu dute aurten ere Lesakan, Euskara Batzordeak bultzatuta, Euskarak tzipa eginak! goiburupean. Izan ere, sua ez ezik ura ere protagonista izan da aurtengoan. Gainera, balkoi loredunen lehiaketako irabazleei sariak eman zizkien Lesakako Zerbitzuen elkarteak eta elkarte honen eta Bihotzkada kolektiboaren ekimenez erraldoi eta buruhandien konpartsarako prestatutako bi buruhandi berriak, Gorritxo eta Katintxa aurkeztu zituzten jendaurrean.

 

Ekitaldiak Egoitz Telletxea herriko historialariak San Juan Putzuko ospakizunari buruz emandako solasaldiarekin hasi zen. Garai batean, San Juan egunarekin egiten zen bestaren berri eman zuen Onin errekaren petrilean eta behin solasaldia bukatuta, besta hartan egiten zen moduan, errekan busti ziren ttikienak, ‘Euskarak tzipa eginak’ gelditzeko.

Onin errekatik plazara joan zen gero besta. Sorpresa bat baino gehiago izan zen. Hasteko, Lesakako Euskara Zerbitzuen Elkarteak antolatutako balkoi loredunen lehiaketako sariak banatu zituzten. 200 euroko lehenbiziko saria Fernanda Anduezarentzat izan zen, 150 euroko bigarren saria Lourdes Antxordokirentzat eta 100 euroko hirugarren saria Rosa Anduezarentzat. Segidan, Zerbitzuen Elkarteak eta Bihotzkada Kolektiboaren ekimenez, Erraldoi eta buruhandien konpartsa handitzeko prestatutako bi buruhaundi berriak aurkeztu zituzten. Eskola eta ikastolako ikasleek izenak proposatuta Gorritxo eta Katintxa dira erraldoiak.

Trikitilariek ‘Biziberrituz euskara’ kanta jo zuten eta segidan,  aurten 25 urte bete dituen Bortzirietako Bertso Eskolaren txanda izan zen. Bertso batzuk kantatu ondotik, Manolo Arozena sortzaileak hartu zuen txanda, eta berak aipatu zuenez, “Munduan izan daitezkeen 3.000 edo 4.000 hizkuntzen artean, guk euskara maite dugu, ez hobea delakoz, gurea delakoz baizik. Eta maitasuna adierazteko modurik onena erabiltzea da. Horregatik sortu genuen bertso eskola duela 25 urte, euskaraz aritzeko, euskaraz kantatzeko, euskaraz jolasteko, euskara erabiltzeko eta maitatzeko”. Ondotik, Manolo Arozena berak, bertso eskolako ikasle gazteenen laguntzaz plazako sua piztu zuen. Batzuk saltoka hasten ziren bitartean, Zantzamonona, Sokadantza, Jota eta Porrusalda dantzatu zituen ezpatadantzari taldeak, txistulari taldeak jotako doinuekin.

Plazaren inguruan jarritako mahaietan herri afaria egin zen ondotik. Batzuk, etxetik eramandako gaiak izan zituzten afaltzeko eta bertze batzuk, Euskara Batzordeak prestatutako bokatak eta edariak. Gabenara taldearen musikarekin bukatu zuten gau magikoa Lesakan.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun