San Juan bezperan besta antolatu du aurten ere Lesakako Euskara Batzordeak

Ttipi-Ttapa 2016ko ekainaren 21a

Sua ez ezik, ura ere protagonista izanen da aurten San Juan bezperako ospakizunean Lesakan.

Euskarak tzipa eginak! izenburupean eginen dute ortzegunean

San Juan bezperarako ekitaldia antolatu du aurten ere Lesakan Euskara Batzordeak, Euskarak tzipa eginak! goiburupean. Aurtengoan, sua ez ezik ura ere protagonista izanen da. Sua piztearen eta adierazpena irakurtzearen ardura, aurten 25 urte bete dituen Bortzirietako bertso eskolarena izanen da.

 

Ekitaldiei dagokienez, ekainaren 23an, ortzegunean 18:30ean hitzaldia eskainiko du Egoitz Telletxea Etxeparek Alhondigako arkupetan, San Juan bezperako ospakizunak: San Juan putzu izenburupean. 19:30ean, hain zuzen, ohitura zaharrak berreskuratuz San Juan Putzu eginen dute Onin errekan. Lesakar guziak euskarak tzipa egiteko deialdia egin dute batzordetik, aste hauetan eragile ezberdinek bideoen bitartez egiten ari diren bezalaxe eta aldatzeko arropak eramateko eta nahi izanez gero, urez betetzeko edozein ontzi eraman daiteke.

20:00etan eginen da ekitaldi nagusia Plaza Zaharrean. Lesakako trikitilariek Biziberrituz euskaran kanta eskainiko dute eta Biziberrituz euskara egunaren inguruko adierazpena irakurri eta sua-piztuko du ikasturte honetan 25. Urteurrena ospatzen ari den Bortzirietako Bertso Eskolak.

Lesakako Euskara Batzordeak hiru su piztuko ditu plaza inguruan (handia, ertaina eta ttikia) eta horietaz bakarrik arduratuko da.

Segidan, Lesakako dantzak (zantzamonona, Sokadantza, Jota eta Porrusalda) dantzatzeko aukera izanen da Ezpatadantzari taldeko neska eta mutilek lagunduta. 21:00etan herri afaria izanen da, norberak bere afariak eraman beharko du. Euskara Batzordeak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu plazaren bueltan. Afaria etxean prestatu eta plazan denak elkarrekin batera afaltzeko modua izanen da, baita edariak eta bokatak eskuratzekoa aukera ere. Afariaren ondotik, zozketa mundiala eginen da.

21:30etik 23:30era dantzaldia izanen da Gabenara taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun