‘Euskarak tzipa eginak’ erronka luzatu du Lesakako Euskara Batzordeak

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 8a, 07:33

Sua ez ezik, ura ere protagonista izanen da aurten Lesakan San Juan bezperako ospakizunean.

Ekainaren 23ko ospakizunerako bideoak egitea proposatu die lesakarrei

Euskarak tzipa egina(k) lelopean, euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina abiatu du Lesakako Euskara Batzordeak, euskararen erabilerak zer nolako garantzia duen azpimarratzeko eta denok bustitzea zein garrantzitsua den azaltzeko. «Horretarako, erronka luzatu nahi dizuegu, euskararen putzuan busti zaitezten; euskararen putzuan txipli-txapla egitera; gure burua euskaraz bustiz euskara bera ureztatzera ; euskarak tzipa gaitzala!» dio Euskara Batzordeak.

 

Erronka hau lesakar guziei luzatu nahi diete eta nahi bezala egiten ahal dute: banaka, kuadrilaka, taldeka… elkarte, kirol talde, musika talde, kultur talde, ikastetxe, lantoki, komertzio, ikasle, irakasle…. “Elkartu, zuen burua urez/euskaraz busti; eta kanpainaren leloa aipatuz bideoan grabatu”.

Adibideak: 

- Euskarak tzipa egina(k) (tzipinak)

- Ni ere euskarak tzipa egina!

- Gu ere euskarak tzipa eginak!

- Lesakako Euskara Batzordea ere euskarak tzipa egina!

Bideoa helbide honetara igorri behar da:

lesakakoeuskarabatzordea@gmail.com 

Facebook edo twiterrera ere igortzen ahal da. 

Lesakako euskara batzordeko facebook orrian zintzilikatuz edota @lesakaeusbatz twitter kontura bidaliz.

 

San Juan bezpera

Erronka hau, San Juan bezperako ohiko ospakizunarekin lotu nahi du Euskara Batzordeak. Ekainaren 23an, "San Juan Putzua" irudikatuz, aspaldi Lesakan egiten zena egun horretan, bustitze erraldoi bat eginen dute.

Hau eta gero, ekitaldia izanen da, sua piztuko da, afari herrikoi autogestionatua eta dantzaldia plazan. Aurten, sua piztea, Bortzirietako Bertso Eskolaren esku utzi dute, ikasturte honetan sortu zen 25. urteurrena da eta. Beraiek idatzi eta irakurriko dute aurtengo manifestua.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun