Elias Garralda IV. Margoketa azkarreko lehiaketa eginen da igandean Lesakan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko ekainaren 3a

Margolariak herriko txokoetan lanean ariko dira igande goizean Lesakan.

Haurrendako Margoketaren Eguna ere antolatu du Beti Gaztek 

Elias Garralda IV. Margoketa azkarreko lehiaketa eta Haur Margoketaren Eguna antolatu ditu Beti Gaztek, Lesakako Udalaren eta Lesakako Zerbitzuen Elkartearen laguntzaz ekainaren 5rako. Helduei dagokienez, lanak igande goizeko 9etatik 10etara zigilatuko dituzte eta 14:00 baino lehen aurkeztu elkartean. 

 

Lehenbiziko saria 500 eurokoa izanen da eta bigarrena 300 eurokoa. Herriko margolarien artean obrarik hoberenak 150 euroko saria jasoko dute.

Ttikienei dagokienez, hiru maila bereiziko dira: A maila (LH 1-2); B maila (LH 3-4) eta C maila (LH 5-6). Lehiaketa 11:00etan hasi eta 13:00etan bukatuko da eta maila bakoitzeko marrazki onenek saria izanen dute. Parte hartzaile guztiek margotzeko materialak eraman beharko dituzte eta antolakuntzak margotzeko taula emanen die.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun