Ikasketetan arazoak izanen dituzte hizpide Bortzirietako haur garapen jardunaldietan

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 16a, 08:47

Etxalarren bizi den Nuria Canok, 'Luchando con Simone' liburua aurkeztuko du jardunaldietan.

Hamargarren edizioa Berako Kultur Etxean eginen dute maiatzaren 21ean

Bortzirietako haur garapen jardunaldien hamargarren edizioa eginen dute maiatzaren 21ean Berako Kultur Etxean. Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Lesakako Osasun Zentroak eta Guztiok taldeak, La Caixaren Gizarte Ekintzaren laguntzaz antolatutako jardunaldiak Ikasketetan arazoak: 10 urte elkarrekin goiburupean eginen dira.

 

Egitarauari dagokionez, 09:00etatik 10:00etara inguruko errekurtsoen eta martxan daudenen errepasoa eginen dute pediatrak, Guztiok, Anfas, Aspace eta Gizarte zerbitzuak. 10:00etatik 11:30era hizkuntz trastorno espezifikoak ariko da TEL elkarteko ordezkari bat. 11:30etik 12:30era hamaiketakoa eskainiko dute erakusketa gelan. Horretaz gain,  Nuria Canoren Luchando con Simone liburuaren aurkezpena eta erakusketaren inaugurazioa eginen dituzte.

12:30etik 14:00etara Dislegui elkarteak dislexia eta ikaste prozesuaren arazoak izanen ditu hizpide.

Goiz osoan, integrazioa lantzeko haur jokoak ere izanen dira ttikientzat eskainiko den ludotekan. Ondotik, Zubiondo jatetxera joanen dira.

Parte hartzea doakoa da, baina aitzinetik izen eman behar da maiatzaren 19ra bitarte Bortzirietako Osasun zentroan edo mediku kontsultatan edo guztiokbortziriak@gmail.com helbide elektronikoan, lekua kontrolatzeko. Haur jokoetarako ere izena eman behar da.

 

Erakusketa

Hizkuntzaren trastornoei eta dislexiari buruzko 9 panel, lehendik egindako jardunaldiei buruzko 9 panel eta Berako familia batek Pirritx eta Porrotx pailazoekin egindako bideo bat dituen erakusketa maiatzaren 21ean berean inauguratuko da Beran. Maiatzaren 25era bitarte egonen da Berako Kultur Etxean, arratsaldeko 5etatik 7etara. Goizez ere, ikastetxeek hala eskatzen badute, irekiko da. Erakusketa Lesakako Kultur Etxean izanen da maiatzaren 26 eta 27an  17:00etatik 19:00etara eta maiatzaren 28 eta 29an, larunbat eta igandea 11:00etatik 13:00etara. Ekainaren 1ean Arantzako eskolara eramanen dute egun osoan eta ekainaren 3an Etxalarko Kultur Etxera, 09:00etatik 17:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun