Udaleku irekiak antolatu ditu aurten ere Bortzirietako Euskara Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 16a, 08:09

Joan den urtean 180 neska-mutikok eman zuten izena udalekuetan eta 24 begirale aritu ziren lanean.

Izena emateko epea maiatzaren 27an bukatuko da

Ikasturtea bukatu eta uda ailegatzearekin batera, udaleku irekietan parte hartzeko aukera izanen dute neska-mutikoek Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakan. Aurten ere, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak  antolatu ditu, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta Dindaia Fundazioarekin elkarlanean. Iaz bezala, Caixabank erakundeak udalekuak babestu ditu.  

Arantzan, Beran eta Etxalarren udalekuak uztailaren 4an hasiko dira, eta uztailaren 29ra arte arituko dira. Lesakako eta Igantziko kasuan, udalekuak uztailaren 12an (asteartearekin) hasiko dira, eta abuztuaren 5ean bukatuko. Herri guztien kasuan, udalekuak goizeko 10:00etatik 13:00ak arte izanen dira.

 

Izen-ematea

Izen ematea maiatzaren 16an, astelehena, hasiko da, eta zabalik egonen da maiatzaren 27ra arte, ortziralea. Bi bide izanen dira izen emateko: bata, mankomunitatearen web orriaren bitartez (www.bortziriak.eus), eta bertzea telefonoz deituta (948634125, 9:00etatik 13:00ak arte). Taldea sortzeko beharrezkoa da herri bakoitzean gutxienez 8 neska-mutikok izen ematea.

Udalekuetan onartuak izateko lehentasuna izanen dute Bortzirietan erroldatuak eta bertako ikastetxeetan (D eta B ereduetan) matrikulatuak dauden neska-mutikoek.

Hasierako izen ematea behin-behinekoa izanen da. Epea bukatu ondotik, izandako eskaera guztien artean zozketa eginen da, eta ondoren familia bakoitzari konfirmatuko zaio plazarik baduen.

Iaz hasitako bidetik, udalekuetan izen ematen ahalko da lau asteetarako edota hamabortzaldika. Horren arabera matrikularen prezioak aldatu eginen dira. Honela, ume batek 90 euro ordaindu beharko du lau asteko udalekua (50 euro bi astekoa); bi anai-arrebakj 150 euro lau astekoa eta 80 euro bi astekoa eta hiru anai-arrebek 90 euro bi astekoa eta 180 euro lau astekoa.

Horrez gain, zailtasun ekonomikoak dituzten familiek matrikularen % 50 ordainduko dute. Baina horretarako Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera (948 635 036) jo behar dute eta bertan beharraren balorazioa eginen dute.

 

Arrakasta handiko eskaintza

Urteak daramatza mankomunitateak udaleku irekiak antolatzen, eta gaur egun arrakasta handia dute. Iaz 180 neska-mutikok izen eman zuten udalekuetan, eta 24 begirale aritu ziren lanean.

Neska-mutikoek aisialdian euskara erabiltzea dute helburu udalekuek. Praktikan, horrez gainera, bertze funtzio bat ere betetzen dute: udalekuek familiei aukera bikaina eskaintzen diete lana eta familia uztartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun