Modari eskainitako asteburua izanen dute Igantziko IrriSarri Landen

Ttipi-Ttapa 2016ko maiatzaren 13a

Denda eta disenatzaileek beren modeloak salduko dituzte, desfileak izanen dira eta tertuliak blogarien eskutik

Asteburu honetan, lehen Fashion Weekend ekitaldia eginen dute Igantziko IrriSarri Land abentura parkean, modari eskainia, tokiko diseinuak eta dendak sustatzen saiatzeko. Guztira, 8 denda eta diseinatzailek, 5 moda-blogarik eta hiru ile-apaindegi eta estetika-zentrok parte hartuko dute.

Izan ere, asteburu osoan, boutiqueek eta diseinatzaileek denboraldi honetarako prestatu dituzten lanak eta modeloak aurkezteko eta saltzeko aukera izanen dute. Hona hemen larunbatean nahiz igandean ferian stand bana paratuko duten establezimenduak: Le Nid, Lira, Mimi eta Maider Alzaga donostiarrak, Sweet Lady eta Freeman irundarrak, Berako Martzutzak, eta Doneztebeko Amaya Estetika Zentroa. Gainera, beren jantziak bi desfiletan erakutsiko dituzte, biak ere larunbatean eginen direnak.

Ile-apainketako eta estetikako profesionalek modelo parte-hartzaileak orraztu eta makillatuko dituzte, eta bertaratzen direnen erranetara egonen dira irudiari dagozkion kontu guztietan aholkuak emateko. Honako hauek arituko dira, hain zuzen: Doneztebeko Amaya Estetika Zentroa, Doneztebeko Marta ileapaindegia; Eider eta Maider, hots, Mari Kay-k Beran dituen ordezkariak, eta Monte Albertia BHIko ile-apainketako ikasleak.

Eta den-dena sareen bidez kontatzeko, baina, batez ere, beren ikuspuntu baliogarria eta estilo-aholkuak eskaintzeko, 4 moda-blogarik parte hartuko dute larunbateko ekitaldian. Goizean solasaldi batean arituko dira, eta arratsaldean, bakoitzak bere jantzia prestatuko du, dendek aurkezten dituzten arropak erabilita. Horiek guztiak desfile batean erakutsiko dira. Honatx blogariak:  “Y a mi quién me viste”, Nazaretena; “Va de moda”, Oihane eta Leire Baztarrikarena, eta “Coool Jumps”, Irati Jararena. Bertan, halaber, Miriam Torres instagramerra izanen da.  Irungo My Dance Studio dantza-eskolak girotuko du desfilea.

Larunbateko azken ekitaldiak prêt-a-porter afaria eta disko-festa izanen dira. Afarian izena emateko, 948 928 922 telefonora deitu behar da. Prezioa 20 euro da, kontsumizio bat barne. Igandean, denden standak egun osoan egonen dira zabalik.

Ekitaldian sartzea doakoa da.

 

EGITARAUA

Maiatzak 14

11:00 Ekitaldi irekiera.

12:00 Solasaldia moda-blogariekin. 17:30 “Mi Conjunto IrriSarri”. Blogariek salgai dauden arropekin eginiko jantzien aurkezpena.

19:30 Moda-pasarela.

21:00 Prêt-a-porter afaria.

23:00 Disko-festa.

Egun osoan, arropa salmenta, eta ile-apaintzaileen eta makillatzaileen irudi-aholkularitza.

 

Maiatzak 15

Egun osoan arropa salmenta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun