Berako eta kanpoko aktore gaztetxoak taulara igoko dira Mugaz Gain Antzerki Jardunaldietan

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 10a, 07:37

Berriz ere taula gainera igoko dira ikasleak.

Ortzirale honetan Pasaia-Lezo lizeoko ikasleen txanda izanen da eta heldu den astean, Labiaga, Ricardo Baroja eta Jesusen Bihotza ikastetxeetako ikasleek eskainiko dituzte beraien emanadiak

Ortzirale honetan hasita Mugaz Gain antzerki jardunaldiak eginen dituzte Berako Kultur Etxean, Antzerki eta Eskola Elkarteak antolatu eta Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak antolatuta.

 

Maiatzaren 13an, ortziralea, Pasaia-Lezo Lizeoko DBH 2 eta 3. Mailako ikasleek Berpiztu ala bizi antzezlana eskainiko dute 11:00etan eta 13:15ean. Euro bat ordaindu beharko da sarrera.

Heldu den astean herriko antzezle ttikien txanda izanen da. Maiatzaren 19an, ortzegunean, 10:00etan Ura antzezlana eskainiko dute Labiaga ikastolako LHko 5. Mailako ikasleek eta 12:00etan Desberdinak baina berdinak Ricardo Baroja Eskola Publikoko LHko 5. eta 6. mailako ikasleek. Hemen ere euro 1 ordaindu beharko da. Ortzegun arratsaldean nahi duen guztiarentzako ateak zabalik izaen dira eta lehenik, 18:00etan Desberdinak baina berdinak eskainiko dute Ricardo Barojako ikasleek eta ondotik Ura Labiagakoek. Sarrera 2 euro ordaindu beharko da.

Maiatzaren 20an, ortziralean, 10:00etan, Jesusen Bihotza ikastetxeko LHko 5. Mailako ikasleek Indarkeria antzezlana eskainiko dute eta 12:00etan Sendaliburua Haur Hezkuntzari zuzendutako antzezpena eginen dute. Sarrera euro 1 kobratuko dute. Ortziral arratsaldeko 6etan hasita, denentzako ateak zabalik izanen dira Kultur Etxean eta berriz ere Indarkeria taularatuko dute Jesusen Bihotzako ikasleek. Sarrera 2 euro kobratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun