Zuzendaritza batzordea berritu du Elkarrizan boluntario taldeak

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 2a, 11:24

Elkarrizan elkarteko boluntarioak, batzarrean parte hartu ondotik.

Arreta psikologikorako zerbitzua martxan jarri dute urtea bukatu baino lehen

Bortzirietako Elkarrizan Laguntza Emaile Taldeak urteko batzarra egin zuen joan den astean eta zuzendaritza batzordea berritu zuen. Ohiko laguntza lanez gain, urte honetan arreta psikologikorako zerbitzua martxan jarri nahi dute.

 

Elkarrizan Laguntza Emaile taldeak urteko batzarra egin zuen apirilaren 25ean. Zuzendaritza batzordea berritu zuten eta honenbertzez, Maria Angeles Biurrarena izendatu zuten presidente, Margarita Susperregi presidente orde, Josune Lopez diruzain, Jose Mari Irazoki idazkari, Adrian Sanchez eta Ramon Errandonea bikal eta Alfonso Obeso koordinatzaile.

Elkarrizan boluntario taldeak pertsonak laguntzera zuzendutako ekintzak egiten ditu, batez ere Lesakako Andra Mari eta Berako San Jose Zahar Etxeetan dauden bizilagunei lagunduz. Lesakan asteartero paseoa egiten dute eta Beran, ortzegunarratsaldetan euskal kantak. Horretaz aparte, Beran ere astelehenero paseoak ematen hasi nahi dute. Berako Uxanekoekin ere kantuan aritzen dira. Horretaz gain, udan gizarte baztertze arriskuan dauden familietako haurrei eskola laguntza eskaintzen diete eta etorkin helduen gaztelerazko alfabetazioa ere egiten dute. Familien laguntza ez duten pertsonak medikura edo ospitalera laguntzeko garraio zerbitzua ere eskaintzen dute.

 

Arreta psikologikorako zerbitzua

Aurten, gainera, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta La Caixaren Gizarte Ekintzaren laguntzaz, arreta psikologikorako zerbitzua eskaintzen hasi nahi dute Bortzirietan, gaur egun eskaintzen dena sendotzeko eta batez ere gizarte baztertze arriskua duten kasuei lehentasuna emanez: depresioa, dolua, bakardadea, genero indarkeria, bullyng, droga kontsumoa, epe luzeko langabetuak…

Zerbitzu honekin bi helburu bete nahi dira; lanpostu bat sortzea eta gaur egun ez dagoen zerbitzua martxan jartzea. Elkarrizan elkartean ilusioz daude urte bukaerarako martxan jarri nahi duten egitasmo honekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun