Beti Gaztek indartsu ekin dio Nafarroako lauko sokatira txapelketari

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 19a, 07:50

Beti Gazteko tiralariak Burgin. Bi lehenbiziko postuetan bukatu zuten saioa.

Heldu den larunbatean Lesakan erabakiko dira lehen txapelak

Aurten, hamekagarren aldiz Nafarroako goma gaineko 4x4 sokatira txapelketa jokatzen hasi dira. Apirilaren 16an jokatu zen lehenbiziko saioa Burgin. Gaur egun txapeldun den Lesakako Beti Gazte indartsu hasi da, goma gainean jarri dituen bi taldeak lehenbiziko eta bigarren izan baitziren 320 kiloko lehen jardunaldian.

 

 

Gizonezkoen 320 kiloko lehen jardunaldia ez ezik, emakumezkoen 255 kiloko, kadeteen 280 kiloko eta 20 urtez azpikoen 280 kiloko lehen jardunaldiak ere jokatu zituzten Burgin.

Gizonezkoei dagokienez, 320 kiloko kategorian Beti Gazte A nagusitu zen (6 puntu), Beti Gazte B bigarren izan zen (5 puntu), Txantrea hirugarren (4 puntu), Berriozar A laugarren (3 puntu), Berriozar B bosgarren (2 puntu) eta Kaskallueta seigarren (puntu 1). Beti Gazte A taldearekin Gerardo Telletxea, Beñat Oronoz, Lander Landiribar eta Beñardo Iantzi aritu ziren eta Beti Gazte B taldean Paskual Taberna, Xuban Larretxea, Julen Palenzuela eta Markel Suarez. Finalerako aldaketaren bat egiteko asmoa badute bi taldetan.

Emakumezkoen 255 kiloko lehen jardunaldian, Txantrea izan zen irabazle (4 puntu), Kaskallueta (3 puntu), Berriozar (2 puntu) eta Bizindar (puntu 1) taldeen aitzinetik.

20 urtez beheiti, 280 kiloko kategorian, Berriozar nagusitu zen (3 puntu), Basaburua (2 puntu) eta Araxesen (puntu 1) aitzinetik.

Kadeteak, berriz, 280 kiloko kategorian, bi multzotan banatuak aritu ziren. A multzoan Baztango Basaburua A izan zen irabazle (4 puntu), Andra Mari, Araxes eta Berriozar A taldeen aitzinetik. B multzoan, Iñigo Aritza izan zen onena, Beriain, Basaburua B eta Berriozar A taldeen aitzinetik.

Burgikoaren ondotik, txapelketako bigarren saioa Lesakako pilotalekuan jokatuko da apirilaren 23an, larunbatean 17:00etan. Gizasemeen 320 kiloko eta emakumeen 255 kiloko bigarren jardunaldiak jokatuko dira eta ondoren, lehen bi sailkatuen arteko finala. Kadeteek eta 20 urtez beheitikoek bigarren jardunaldia jokatuko dute bere kategorietan.

Maiatzaren 7an, 18:00etan Antsoaingo pilotalekuan, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumeen 235 kiloko lehen jardunaldiak eta kadeteen eta 20 urtez azpikoen hirugarren jardunaldiak jokatuko dituzte. Bukatzeko, maiatzaren 14an, Berroetako plazan 17:30ean, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko bigarren jardunaldiak eta lehen bi sailkatuen arteko finalak, kadeteen finalerdiak eta finala eta 20 urtez azpikoen laugarren jardunaldia jokatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun