Haur Kantarien Topaketa egin dute apirilaren 16an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 18a, 10:04

Kontzertu bikaina eskaini zuten Errenteriako, Baztan eta Bortzirietako kantari ttikiek.

Giltzarri Abesbatzaren 20. Urteurreneko ekitaldien baitan, 150 kantari ttiki bildu zituzten elizan

Giltzarri Abesbatzaren 20. urteurrenaren baitan Haur Kantarien Topaketa egin dute apirilaren 16an Lesakako San Martin elizan. Imanol Elizasurekin batera, 6 urtetik goitiko Baztan-Bidasoaldeko 97 neska mutikok parte hartu dute topaketan, baita Errenteriako Zariatxo abesbatzako bertze 50ek ere. Ikusi argazkiak

 

Kontzertuaren lehenbiziko zatian Errenteriakoek kantatu zuten eta bigarrenean denak batera aritu ziren, beti ere Elizasuren gidaritzapean eta pianoan laguntzarekin, abestiekin batera, koreografiak ere eginez. Lesakako Tantirumairu ikastolako eta Irain eskolako, Berako Jesusen Bihotza ikastetxeko, Igantziko musika eskolako eta Elizondoko Abesbatzako neska-mutikoak aritu ziren kantari. Kontzertu honetarako, hurrengo kantak prestatu zituzten elkarlanean, bi entsaiotan ahots lanketa, estilo ezberdineko obren interpretazioa, entsaio dinamika eta eszenatokiko lana landuz: Ku ku ué (Eva Ugalde), Non geratzen den denbora (Mikel Urdangarin), Nesio Hego (Afrikako kantu herrikoia), Dona Nobis pacem (Mary Lunn Lightfoot) eta  Ipharadisi (Hego Afrikar herrikoia).

Kontzertuaren ondotik, gastuei aurre egiteko zozketa bat ere egin zen eta berendua izan zuten kantariek.

 

Giltzarri Abesbatzaren 20. Urteurrena

Giltzarri Abesbatzak 20 urte bete ditu eta hori ospatzeko, larunbateko topaketaz gain, bertze zenbait ekitaldi ere prest ditu. Honela, apirilaren 23an, XX mendeko musika koru tailerra eskainiko du Enrique Azurza, nazioarte mailan ospe handia duen abesbatza zuzendari eta irakasle tolosarrak. 76 lagunek eman dute izena eta goiz-arratsaldez ariko dira lanean Harriondoan.

Maiatzaren 7an, Espainiako Avilako Arenas de San Pedro eta Ainhoako Atsulai abesbatzekin topaketa eginen dute komentuko elizan, 20:00etan. Urte bukaeran ere bertze kontzerturen bat emateko asmoa dute, baina horren berri zehatza aitzinerago emanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun